bakterio
iz. Izaki bizidun zelulabakarra. v Izaki bizidun zelulabakarra, nukleorik gabea eta oso egitura bakunekoa; landareen ezaugarri asko ditu, baina gaur egun protistoen erreinuan sailkatzen dute askotan. Birusak alde batera utzita, bakterioak dira ezagutzen diren izaki bizidun txikienak; tamaina 0,5 mikratatik ehundaka mikratarainokoa izan daiteke, baina 3-5 mikra bitartekoa izaten da maizenik. Zelularen mintza landareena bezalakoa dute, eta zenbaitek flageloak izaten ditu. Zelularen zatiketa soilez ugaltzen dira; ugalketa azkarra dute: minutuko 20-30 zatiketa. Bakterio mota asko dago, itxuraren eta bizimoduaren arabera sailkatzen direnak. Itxurari dagokionez, kokoak, baziloak, bibrioak eta espiriloak bereizten dira. Kokoak biribilak dira; baziloak, makulu itxurakoak; bibrioak, kako itxurakoak eta espiriloak, berriz, bihurriak, itxura jakinik gabeak. Bakterioak alde guztietan egon daitezke: gizonaren eta animalien gorputzetan, landareetan, lurrean, uretan eta airean. Batzuk kaltegarriak dira, beste batzuk kalterik egiten ez dutenak, eta badira gizonarentzat onuragarriak direnak ere. Bakterio kaltegarriek ehunak desegiten dituzte, edo toxinak isurtzen, eta eritasun kutsakor gehienak sortzen: tuberkulosia, tifusa, kolera, etab. Bakterio gehienak, ordea, onuragarriak dira, eta gizonarentzat guztiz beharrezkoak ere bai batzuk. Elikadura sistemari dagokionez, hiru sailetan banatzen dira: hartzigarriak, bizkarroiak eta sinbiotikoak. Lehenengoak organismo hilen gainean edo barnean bizi dira, eta usteldu ere egiten dituzte. Bizkarroiak bizirik dauden animalia eta landareetan bizi dira, haien gaiez baliatzen dira eta isurtzen dituzten gai toxikoen bidez kalte egin dezakete. Sinbiotikoak beste bizidunekin elkartuta bizi dira; hauek ez dira kaltegarriak eta industrian erabiltzen dira: ozpina, gazta, antibiotikoak eta abar egiteko, eta hirietako batzuk hondakin ur zikina garbitzeko baliagarriak dira. Horrez gainera, bakterioak berebiziko garrantzia du ziklo organikoetan, bizia izateko nahitaezkoak diren karbonoz, nitrogenoz eta gatz mineralez hornitzeko eginkizunean. Bakterioek gai organiko elkartuak bakartu egiten dituzte, eta anhidrido karbonikoa askatzen, gero fotosintesian berriro erabili ahal izateko. Bakterio nitrogenatzaileek nitrogenoa hartzen dute airetik, euren zelulen proteinak osatzeko. Beste batzuek gorputz hilen ehunetako eta proteinetako amoniakoa sintetizatzen dute; beste zenbaitek, berriz, amoniakoa nitrito edo nitrato bihurtzen dute eta landareek baliatu ahal izateko moduan jartzen. Bakterio nitrogenatzaile horietako batzuk lurrean bertan daude eta beste batzuk landare lekadunen sustraietako korapiloetan izan ohi dira.