Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

bakteriologia

iz. Biol. Bakterioak, horien morfologia eta izaerari dagokion guztia ikertzen duen mikrobiologiaren alorra. Bakteriologiak arlo asko ditu aztergai, medikuntzarekin lotuta daudenak gehienak, baina eritasun kutsakorren jatorria aztertzea da horien artean nagusia. Fisiologiarentzat ere lagungarria da, elikadurari eta digestioari buruzko argibideak ematen dituen aldetik. Von Leeuwenhoek holandarra izan zen bakterioen azterketan aritu zen lehena (XVII. mendearen bukaeran), baina XIX. mendearen erdialdera arte ez zen burutu ikerketa osorik. Louis Pasteur eta Robert Koch zientzialariek ekin zioten bakterioen ikerketa sistematikoa egiteari, eta haiek izan ziren, horrenbestez, bakteriologia modernoaren aitzindariak. XX. mendean, aurrera pauso handiak eman dira bakteriologian, eritasun kutsakor gehienen sortzaile bakterioak direla jakin zenetik batez ere. Bakteriologiak medikuntzan duen garrantzia ikusita, bakteriologiazko ikerketarako institutuak eta laborategiak eraiki dira geroztik.