Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bajtiar, Shahpur

Iraniar politikaria (Teheran, 1914 - Suresnes, Frantzia, 1991). Zuzenbideko ikasketak egin zituen Sorbonako Unibertsitatean, eta Bigarren Mundu Gerran Frantziako armadan boluntario sartu zen. Gerra bukatu eta bere herrira itzulitakoan Mossadeq-en Fronte Nazionaleko kide egin zen. Laneko ministro izatera iritsi zen 1951-1953 bitarteko gobernualdian. Irango Reza Pahlavi xah-k Mossadeq buruzagi nazionalista kondenatu zuenean, politika utzi, eta abokatu lanetan hasi zen bere kontura. Hala ere, hainbat aldiz atxilotu zuen xah-ren polizia pribatuak, erregimenaren aurkako ekintzak egin eta Fronte Nazionala berrantolatzen saiatu zelako salaketapean. Baina 1979an, Khomeini aiatolah-ren mugimendu fundamentalistaren iraultzaren presioa zela-eta, xah-k Gobernua osatzeko deitu zuen. Bajtiar-ek onartu egin zuen, baina erreforma politiko eta sozial demokratikoagoak bultzatzearen baldintzapean. Hala ere, ez zuen aldaketak gauzatzerik izan, urte hartan bertan islamiar xiia fundamentalistek monarkia eraitsi eta boterea hartu baitzuten. Xiien buruzagiekin akordiorik lortu ez zuenez, Frantziara atzerriratu zen. 1980an atentatu bat izan zuen Parisen, baina kaltegabe atera zen.