Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

bakailao

iz. Itsaso hotzetan bizi den arrain handia eta lerdena, jateko oso ona (Gadus morhua). 1,65 metro luze izatera iritsi daiteke eta 45 kg-ko pisua har dezake. Bizkarrean hiru hegats ditu eta isatsaldean bi; beheko baraila goikoa baino txikiagoa du, eta zakatzen azpian sabel-hegatsak izaten ditu. Soinberak, oskoldunak eta sardinak jaten ditu. Batzuetan ur azaletik hurbil ibiltzen da eta besteetan sakonera handietan, 300 metrotan edo gehiagotan. Era berean, hegoalderantz ere joaten da, itsasoaren tenperatura aldatzen denean. Bakailao emeak arrautza asko erruten ditu, bost milioi ere bota ditzake urte betean; arrautzak uretan gelditzen dira eta hortxe ernaltzen dituzte bakailao arrek. Bi asteren buruan jaio ohi dira umeak eta hauek itsaslaster batera joaten dira, harik eta zentimetro pare bat hazi eta bere kabuz bizitzeko gai diren arte.  v  Bakailaoaren arrantza bi sasoitan egiten da, bata neguan, errunaldian, eta udan bestea. Itsasontziak Lofotengo itsasaldera, Islandia Hegoaldera eta Ternuara joaten dira arrantzara. Euskal arrantza ekonomian garrantzi handia izan du bakailao arrantzak, eta gauza bera gertatzen da Europan eta Ameriketan ere. || Bakailao-buztana. Bakailao berria: bakailao freskoa. Bakailao gazitua, lehorra. Bakailaotan: bakailao harrapatzen. || Bakailaoz prestatutako janaria.  v  Bakailaoaren gibel olioa. Med. Argaltasunaren aurka eta haurren hazkuntza garaian lagungarri gisa erabiltzen da, A eta D bitaminak dituelako.