Aznavour, Charles
(Jaiotza izena, Varenagh Aznavourian) Frantses kantari eta antzezlea, armeniarra sortzez (Paris, 1924). Bere arreba Aida-rekin batera hasi zen kantari, eta aldi berean antzerki lanak ere egiten zituen haur paperak eginez. 1941ean Pierre Roche ezagutzea erabakiorra izan zen Aznavourrentzat, gerora biek batera kantatuko baitzituzten bien artean egindako kantuak. Georges Ulmer-ek kantatutako J’ai bu kantak Grand Prix saria irabazi zuen 1947an. Bikoteak Edith Piaf-en kontzertuen lehen atalean kantatzen zuen, Roche Québec-era joan zen arte. Aznavourrek, orduan, hainbat kanta idatzi zituen Piaf (Jézébel), Juliette Greco (Je hais les dimanches) eta Eddie Constantine-rentzat (Et bâiller, et dormir). Bera, ordea, 1953an hasi zen ospea hartzen, Parisko Olympian kantatu ondoren: Sur ma vie izan zen bere lehen kanta arrakastatsua. Viens pleurer au creux de mon épaule, Tu t’laisses aller, La mamma eta Comme ils disent bezalako abestiak eguneroko bizitzaren zertzeladatxoak dira, bizitzaren zati txikiak; pertsona askoren egoera esaldi gutxitan laburtzeko ahalmen berezia du Aznavourrek. Estatu Batuetako jendea berehala erakarri zuen, eta geroago mundu guztian zehar ibili zen bere musikarekin. Zinema munduan ere lan egindakoa da, talentu handiko antzezlea dela erakutsiz, besteak beste, Un taxi pour Tobrouk (1961) eta Die Blechtömmel (1979, Latorrizko danborra) filmetan.