Aznar, José María
Espainiar politikaria (Madril, 1953). 1970ean hasi zituen Zuzenbide ikasketak eta, lizentziatu ondoren, Estatuko finantza ikuskatzaile izateko oposizioak gainditu zituen. 1979an Alianza Popular alderdian sartu zen eta urte berean alderdiko idazkari nagusi aukeratu zuten Errioxan. 1982an eta 1986an diputatu aukeratu zuten, eta 1985ean Gaztela eta Leongo Alianza Popularreko lehendakari. 1987an autonomia erkidego horretako hauteskunde autonomikoak irabazi eta lehendakari izendatu zuten. 1989an utzi egin zuen kargua, Alianza Popularraren ordez sortutako Alderdi Popularrean Manuel Fragaren ondorengo lehendakaria izateko, eta harrezkero lan handia egin zuen Espainiako zentro-eskuina berrantolatzen. 1995ean onik atera zen ETAk bere aurka egindako atentatutik. 1989 eta 1993ko hauteskunde orokorrak galdu arren, bere alderdia finkatzea ez ezik 1996ko hauteskundeak irabaztea ere lortu zuen, baina zenbait alderdirekin gobernagarritasunerako hitzarmena egin behar izan zuen. Hitzarmen honi esker, gobernuko presidente izendatu zuten. Gobernura iritsi eta berehala, ekonomia suspertu eta enplegua sustatzeko premiazko neurriak hartu ziren. Neurri horiek aurrerakada nabarmena izan zuten 1997an, sindikatuek eta enpresaburuek hitzarmen berriak izenpetu ostean. Hala, 1998an Europako Batasuneko agintari nagusiek (Aznar ere tartean zela) Bruselan egin zuten goi-bileran, Europako diru bakar eta sortu berriaren (euroa) abangoardiako taldea osatuko zuten hamaika herrialdeen behin betiko zerrenda onartu zen, Espainia barnean zelarik.