Aweke, Aster
Etiopiar kantaria (Gondar, 1961). Afrikako ahots onenetakoa da eta mendebaldeko jazz-aren eraginak ditu. Aretha Franklin-ekin alderatu izan da, eta Sarah Vaughan afrikarra dela esan izan da. Bere aita Haile Selassieren erregimeneko funtzionario zelako, garai hartan Etiopian zegoen orkestrarik onenean, Roha Band delakoan, sartu zen 1978an bakarlari gisa. Hala ere, diktadura jasangaitza zen eta 1979an Estatu Batuetara alde egin zuen familia osoarekin. Hamar urtez klubetan eta jatetxeetan lan egin zuen jazz-etik eta rhythm and blues-etik hurbil zegoen errepertorio bat kantatuz. Baina gero bere sustrai etiopiarretara itzultzea erabaki zuen, eta sustrai horiek Estatu Batuetan ikasitakoarekin nahastu zituenean hasi zen famatu egiten. 1989an Kabu argitaratu zuen. Album horretan “krar” izeneko harpa etiopiarra entzun daiteke, teknologia garatuzko beste instrumentu batzuen aldamenean, funk erritmoan. Bere maisulantzat jotzen den 1993ko Ebo-n are gehiago sakondu zituen sustrai afrikarrak. Gaur egun bere ahots bero eta berezia Afrikan bezain ezaguna da Estatu Batuetan.
- Aviz
- Avogadro
- Avon
- Avoriaz
- Avui
- Aweke, Aster
- axal
- axanpa
- Axel, Richard
- Axelrod, Julius
- Axenov