Australia
(Izen ofiziala, Australiako Commonwealth). Ozeaniako estatu federala, Commonwealth britainiarreko kidea eta, Ozeaniako beste lurralde batzuekin batera, Australiako Commonwealth osatzen duena. Australia bera, munduko uharterik handiena (7.694.208 km2), Tasmaniako uhartea (68.332 km2), eta kanpoaldeko lurraldeak dira Australiako eskualde nagusiak. Mugak: Indonesiatik bereizten duen Timorko Itsasoa eta Ginea Berritik bereizten duen Arafura Itsasoa (Torres Itsasartea eta Carpentaria Golkoa), iparraldean; Indiako Ozeanoa (Australiako Badia Handia), mendebalde eta hegoaldean; Tasmaniatik bereizten duen Bass itsasartea, hego-ekialdean, eta Ozeano Barea (Zeelanda Berritik bereizten duten Koralaren Itsasoa eta Tasmaniako Itsasoa), ekialdean. Tasmaniarekin batera, sei estatu autonomotan banaturiko konfederazioa osatzen du: Hego Australia, Mendebaldeko Australia, Hego Gales Berria, Queensland, Tasmania, Victoria. Kanpoaldeko lurraldeak dira Christmas Uharteak, Cocos Uharteak, Norfolk Uhartea, Antartika australiarra. 21.585.178 biztanle (2009ko estmiazioen arabera, australiarrak). Hiriburua: Camberra. Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Hiri nagusiak: Adelaida, Perth, Sidney, Melbourne, Brisbane, Hobart. Erlijioa: Australiak ez du erlijio ofizialik, baina biztanle gehienak kristauak dira. Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Dirua: Australiako dolarra. ■ Biztanleak. Australiako biztanleen gehiengoa etorkin europarren ondorengoa da. Lehen Mundu Gerraren ondoren, biztanlegoa laukoiztu egin zen, immigrazio politika handinahi baten ondorioz. Garai batean Erresuma Batuko Italiako eta Greziako etorkinak izan ziren nagusi (gobernuak kolono zuriak baino ez zituen onartzen 1972ra arte); baina 2001ean, etorkin multzorik handiena Erresuma Batuko, Zeelanda Berriko, Italiako, Vietnamgo eta Txinako etorkinek osatua zen. Horrek adierazten du Australiako gobernuak gero eta borondate handiagoa duela inguruko herrialdeekin harremanak sendotzeko. Gaur egun 250.000 aborigen bizi dira Australian –Australiako bertako biztanleak, desagerraraziak ia denak–, alegia biztanleriaren % 1. 1985ean Australiako gobernuak hainbat lege proposamen egin zituen aborigenei emateko parke nazionalen gaineko titulartasuna, baita Erresuma Batuko koroak hartu gabeko lurraldeen eta aborigenen antzinako erreserben gainekoa ere. 1988an Nazio Batuek argitaratutako txosten batean Australiak aborigenei zegokienez nazioarteko giza eskubideak urratzen zituela salatu zen. 1993an gobernuak Aborigenen Lurralde Eskubideen legea aldarrikatu zuen, eta epaitegi federal bat antolatu zuen lurralde tituluen baliotasuna aztertzeko. Mendebaldeko Australiak ez zuen onartu, lurralde horretan meatzaritzari loturiko interes asko baitaude eta aborigenen jabetza eskakizunek lurraldearen % 40 hartuko bailukete. 1995ean, epaitegiak Aborigenen Lurralde Eskubideen legea baliozkoa zela eta Mendebaldeko Australiaren jarrera konstituzioaren kontrakoa zela adierazi zuen. Edonola ere, gizarte desberdintasunak eta indigenen gutxiagotasuna (bizi itxaropen apalagoa, hezkuntza maila kaskarragoa, hizkuntza askoren desagertzea…) artean konpondu gabeko arazo politikoa da Australian. v Klima. Oro har, beroa eta guztiz kontinentala da, baina kontraste izugarriak ditu Australiako klimak. Kontinente idorra da, eta, kokalekua dela eta, Saharakoekin aldera litezkeen ezaugarriak ditu. Iparraldean, eurijasa tropikalak izaten dira udan; hegoaldean, ordea, negu aldean izaten dira euri ugarienak. Hego-mendebaldean (Perth) eta Adelaidan, klima mediterranearra dute eta, hego-ekialdean nahiz Tasmanian, ozeanikoa. Klima idor honen kariaz, sare hidrografikoa eskasa da, eta lur higadura handia. Ura biltzeak dakartzan arazoak hil ala bizikoak dira Australian: 7.500 putzu artesiar inguru dira gaur egun indarrean. Zentral hidraulikoak «Alpe australiar» eta Tasmanian egokitu dira nagusiki. ■ Ekonomia. Australiak ekonomia sistema aberatsa du, eta per capita BPG (332.600 milioi dolar 1994an) Europa Mendebaldeko lau ekonomia nagusien mailakoa du. Baliabide natural aberatsak ditu; nekazaritza gaiak, mineralak, metalak, eta erregai fosilak esportatzen ditu batez ere. Lehengaiek esportazioen % 57 hartzen dute, horregatik merkatuetako prezioen gorabeheren mende dago bertako ekonomia, maila handi batean behintzat. Nekazaritza eta meatzaritza dira Australiako ekonomiaren oinarria; garia, haragia, esnekiak eta artilea esportatzen ditu. Munduko artilearen % 25 Australian lortzen da. Industriak gorakada handia izan du, baina, hala ere, ez da nahikoa herrialdeko bertako beharrak asetzeko. Zerbitzuen sektorea garrantzi handikoa da: 1990eko hamarraldiaren hasieran barne produktu gordinaren % 60tik gora hartu zuen sektore horrek. 1997an langabezia % 8,4koa izan zen. ■ Nekazaritza. Nekazaritza ez bada ere gaur egun garai batean bezain garrantzitsua, barne produktu gordinari eta enpleguari dagokionez (1990eko hamarraldiaren hasieran langileen % 5 hartzen zuen), herrialdearen parte handi baten aberastasuna abeltzaintzaren eta nekazaritzaren mendekoa da. Abeltzaintzari dagokionez, larreek lurraldearen % 90 hartzen dute. Australia munduko artile ekoizle eta esportatzaile handiena da. ■ Australiako mea aberastasunak handiak dira guztiz ere: baditu beruna, zinka, burdina, kobrea, tungstenoa, uranioa, ikatza, lignitoa, urrea, bauxita. Petrolio ekoizpenak bertako beharren 2/3 asetzen ditu (oraindik ez dira mendebaldeko Australian aurkituriko petrolio hobi handiak ekoizten hasi). Munduko urre produkzioaren % 12 Australian ustiatzen da. Biztanleriaren hazkunde lasterrak, bizi mailaren hobekuntzak eta atzerriko inbertsio ugariek, bideratu eta azkartu dute industrializazioa. 1970. urteaz geroztik, turismoak hazkunde handia izan du, Japoniako merkatuaren hazkundeak eraginda batetik, eta, bestetik, distantzia handiko hegaldien merketzeagatik. 1990. urtean langileen % 6k turismoaren inguruan lan egin zuen. ■ Historia. Jatorri oraindik behar bezala zehaztu gabeko herriek jendeztatu zuten Australia duela milaka urte (hamar mila baino gehiago). Willem Janszoon izan zen Australiara iritsi zen lehen europarra (Carpentaria Golkoa, 1605). Ondoko urtean, Luis Váez de Torres espainiarrak bere izena daraman itsasartea gainditu zuen eta 1642 eta 1643 urteetan Tasman holandarrak bere izena daraman uhartea aurkitu zuen, eta Holanda Berria deitu. Baina europarren kolonizazioa 1770 Cook-ek Sidney Badia Ingalaterrako erregearen izenean hartu zuen urtea arte ez zen hasi. 1788an egokitu zen Hego Gales Berrian lehen preso kolonia eta, 1840ra arte, Australia Ingalaterraren zerbitzuan zegoen kartzela handi bat baizik ez zen izan. 1850. urtetik aurrera, nolabaiteko autonomia lortu zutelarik (Australian Colonies Act), kolonia haiek guztiek Australian Commonwealth ekarri zuen konbentzio federal bat osatu zuten. 1901eko urtarrilaren lehenean onartu zuen erakunde hori parlamentu britainiarrak. Bi mundu gerren garaian, laguntza handia eskaini zien Australiak aliatuei. Gerraondoan, gehiengo liberalak oso politika estua bideratu zuten ekonomia mailan, eta Estatu Batuen alde jokatu zuen Vietnamen aurkako gerran. NBEz gainera, Australia hego-ekialdeko Asiaren defentsarako erakundeko partaidea da. ■ Azken urteak. 1996an, aginpidean hamahiru urtez gobernu sozialista egon ondoren, australiarrek koalizio kontserbadoreari eman zioten aginpidea, eta John Howard hautatu zuten Lehen Ministro. Aldaketa horren bidez Australiak bide berri bati ekin zion barne politikari dagokionez, eta nazioarteko harremanek, aldiz, bere horretan jarraitu zuten. Howardek liberalismo ekonomikoan oinarritutako politika jarri zuen abian. Baina politika hori biztanle behartsuenen kontura eraman da aurrera, bereziki aborigenen eta Asiako etorkinen bizkar. Howardek inflazioaren eta defizit publikoaren maila nabarmen apaldu zuen, ez langabezia tasa (% 8,6), ordea. 1999an nazioa errepublika bihurtzeari uko egin zioten australiarrek, erreferendumean. 2007ko hauteskundeezg gero alderdi laboristako buru Kevin Rudd dago agintean.
http://www.gov.au/