Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atila

(Lat. Attila) Hunoen erregea (395 inguruan - 453). Errege 434tik 453ra izan zen. Rugasen ondorengoa izan zen, Bleda anaiarekin batera (445); Bleda hilarazita hartu zuen erregetza. Erroman Honorio enperadorearen gortean ikasten egon ondoren, Panoniako (egungo Györ, Hungaria) errege zelarik, bere herriko tribu guztiak bateratzea lortu zuen (hunoen herri turkiar-mongoliarraren lurrak Itsaso Baltikotik Itsaso Beltzeraino hedatzen ziren). Ekialdeko inperioari eraso zion, Teodosio II. enperadoreari zerga bat ezarriz. Balkan herriak inbaditu eta beste bahisari bat ezarri zion Teodosio II.ari, Konstantinoplaren ordainez. Germaniar eta eslaviarrak menderatu ondoren, Galian barneratu eta Metz hiria ebatsi zuen (451), Lutezian (Parisen) sartu ez bazen ere. Orleansen atzera jo behar izan zuen Aetius jeneral erromatarraren eta Teodoriko I. errege bisigodoaren aurrean. Aetius, Meroveo eta Teodoriko I.a buruzagiek elkar hartuta, garaitu zuten Kataluniako Zelaietan (Troyes, 451). Osteak osatu ondoren, Italia aldera jo zuen eta, Aquilea (Venezia), Milan eta Padua suntsitu ostean, Leon I.a Aita Santuak ondoren Panoniara itzultzeko egin zion eskaria onartu zuen, sari baten truke. Luzaro gabe hil zen Atila. Erregearen heriotzaren ondoan desagertu zen hunoen inperioa.