Assad, Hafez al
Siriar politikari eta militarra (Qardaha, 1928 - Damasko, 2000). Sobietar Batasunean osatu zituen Siriako ikastegi militarretan hasitako ikasketa militarrak. 1946an Baaz (“Pizkundea”) alderdiko kide egin zen, eta 1963ko estatu kolpearen ondorioz alderdi hori agintera iritsi zenean Aire Armadako jeneral izendatu zuten. 1966-70 bitartean Defentsarako ministro izan zen, eta 1970ean gobernuaren kontrolaz jabetu zenean lehen ministro, hurrengo urtean lehendakari hautatu zuten arte. 1973an Egiptorekin batera parte hartu zuen Yom Kippur-eko gerran, baina ez zuen onartu 70eko hamarkadaren amaieran Egiptok eta Israelek lortu zuten hitzarmena. 1976, 1987 eta 1990ean Libanoko gerra zibilean esku hartu zuen, Libanoko lurralde zabal bat Siriaren kontrolpean jarriz, eta Iranen alde ere egin zuen herrialde horrek Iraken aurka izandako gerran (1980-1988). 1980ko hamarkadaren hasieran hainbat estatu kolperen ahaleginak jasan bazituen ere, basakeria handiz eraso zien aurkari politikoei; 1982an milaka soldadu bidali zituen Hama hirira Anaia Musulmenen matxinada suntsitzera. Urte askoan Siria izan zen SESBren hurbileneko aliatua Ekialde Hurbilean, baina 1980ko hamarkadaren amaieran sobietar aginpidea ahuldu zenean, Mendebaldearekiko harremanak hobetzen ahalegindu zen Assad. Persiako Golkoko gerran, gatazkaren konponbidea mundu arabiarraren barruan bilatzen saiatu zen, baina Saddam Hussein-ek bereganatutako boterearen beldur, nazioarteko koalizioaren alde egin zuen, Siriako soldaduak Saudi Arabiara bidaliz Iraken aurka borrokatzera. 1993an, ordea, parte-hartze eskasagoa izan zuen Israelek eta Palestinaren Askapenerako Erakundeak lortutako bake-hitzarmenean. 1995ean Israelgo estatuarekin elkarrizketak hasi zituen, bake hitzarmena eta elkarrenganako aitorpena lortzeko. Hil zenean, 2000. urtean, bere bigarren semea, Bachar, izan zuen ondorengoa, zaharrena, Basel, istripu batean hil baitzen.
- asplinio
- Asporina
- Aspurtz
- Assa
- Assaad, Fawzia
- Assad, Hafez al
- Assam
- assamera
- assamiera
- assiniboin
- Assiniboine