Arup, Ove Nyguist
Britainiar ingeniaria (Newcastle-upon-Tyne, 1895 - Londres, 1988). Daniarrak zituen gurasoak eta Kopenhagen-en egin zituen lehenik filosofia eta gero ingeniaritza ikasketak (1922). Aldi labur batean Alemanian egon ondoren, 1925ean Britainia Handira itzuli zen ingeniaritza zibilean lan egitera. Urte batzuk geroago, hormigoi armatuaren erabileran aintzindaria izan zen Berthold Lubetkin arkitektoarekin lan egin zuen. Lankidetza honen emaitzak dira, besteak beste, Highpoint izeneko etxebizitza eraikina (1933) eta Londresko zoologikoko pinguinoen uhaska (1939). 1946an partzuergo gisa lan egiten duen ingeniaritza elkartea sortu zuen, Ove Arup & Partners; munduko enpresarik garrantzitsuena da ingeniaritza zibilaren eta eraikuntza metalikoaren alorretan. 1963az geroztik arkitektura sail bat du, unibertsitateko arkitektura esparruan arrakasta handienak lortu dituena. Enpresa honek azken hamarkadetako eraikin ezagun gehienetan lan egin du: Sidney-ko Opera antzokia, Coventry-ko katedrala, Parisko Beaubourg zentroa, Hong Kong-eko bankuaren eta Londresko Lloyds enpresaren egoitzak, Durham ibaiko oinezkoentzako zubia, etab. Egituren originaltasuna da, hain zuzen, eraikin hauen guztien ezaugarri nagusia. Britainia Handian arkitektura arloko urrezko domina jaso zuen 1963an, eta Sir izendatu zuten 1971n. Danimarkan ere, sari ugari jasotzeaz gainera, 1965ean zaldun eta 1975ean Daniarren Ordenako komandante izendatu zuten.