Artola, Txomin
Gipuzkoar musikaria (Hondarribia, 1948). Gaztaroan rock talde batean ibili ondoren, folk musikaren berpizte mugimenduan jardun zuen eta, geroago, euskal kantagintzan, 1970eko hamarraldiaren hasieran. Lehenengo diskoa, Olaxta, 1975ean grabatu zuen. Ondoren, Haizea taldea osatu zuen beste lau lagunekin eta taldearekin bi urte eman eta gero bakarkako bidera itzuli zen. Tarte horretan Belar Hostoak, Ttakun-Ttakun, Orbela, Txuriko eta Berriz Arte diskoak kaleratu zituen. 1991n Amaia Zubiriarekin elkartu zen eta Folk-lore izenburupean hiru disko egin zituzten elkarrekin, kantu herrikoiak biltzen zituztenak. Alboka taldeko kide izan zen ondoren hiru urtez, taldea utzi zuen arte. 2000. urtea arte hamabost disko kaleratu ditu Txomin Artolak; azkena, Hondarribia, bere seme Urbilekin batera. Urbil Artolak (1972), 1996an desegin zen Sorotan Bele taldeko kide izan zenak, eta Txomin Artolak, euren Banako Records diskoetxearen bidez argitaratu dute azken disko hau, eta kantaldiak ere elkarrekin ematen dituzte.