Armiñán, Jaime de
Espainiar antzerki idazle, gidoigile eta zinemagilea (Madril, 1927). Kazetari gisa lan egin ondoren antzerkiak idazteari ekin zion eta sari asko irabazi zituen: 1953an Calderón de la Barca saria Eva sin manzana-rengatik, 1955ean Unión Films saria Sinfonía acabada-rengatik eta 1956an Lope de Vega saria Nuestro fantasma-rengatik. Beste antzerki-lan batzuk: Café del Liceo (1958), Pisito de solteras (1962), La pareja (1963), El último tranvía (1965), eta Todas somos compañeras (1966). Umorea eta nahasketa dira Armiñánen antzerkien ezaugarri nagusiak. 1958an telebistan hasi zen lanean, lehendabizi gidoigile, gisa eta bere gidoiak zuzenduz gero, Las doce caras de Juan, esate baterako. 1969an hasi zen zinema munduan, Carola de día, Carola de noche filmarekin. Mi querida señorita (1971) filma Oscar sarietarako izendatua izan zen, eta Urteko Zuzendari Onenaren saria jaso zuen. El nido (1980) ere atzerriko film onenaren Oscarrerako izendatua izan zen. Beste film batzuk: El amor del capitán Brando (1974), Al servicio de la mujer española (1978), En septiembre (1981), Mi general (1986), Al otro lado del túnel (1994) eta La hora bruja (1985). Ipuinak ere idatzi ditu, eta Vidas perras (1991) liburuan bildu dira batzuk.