Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argos

Greziako herria, Argolidan, Nauplion ondoan. 16.712 biztanle. Arkeologi leku garrantzitsuak: antzokia (K.a. IV-III. m.), agora, odeona, bainu-etxe erromatarrak eta Erdi Aroko hiria, antzinateko akropoliaren gainean.  v  Argos Greziako hiri zaharrentzat hartu zuten antzinatean. Argos zaharra izena eman zion Homerok akearren inperioari, Argos pelasgiarra Tessalia zen bitartean. Argos hiria antzinateko mito greziar klasiko askoren kokagunea da.  v  Historia. Mizenas eta Tirinto hirien itzalpean egon ondoan (K.a. 1650), Argos doriarren aurka altxatu eta Argolidako hiriburu bihurtu zen berriz ere. Espartako lazedemoniarren aurkako gudu guztietan parte hartu zuen, zori hoberik gabe askotan. Mazedoniarren esku (K.a. 229) Akaiako Ligako kide izan zen. Erromatarren ondotik (K.a. 146tik aurrera), nolabaiteko garrantzia gorde zuen bizantziarren garaian. Godoen eskuetan egon zen III. eta IV. mendeetan. XIII. mendean Laugarren Gurutzadaren ondorioz fundatu zen Akaiako printzerriko hiri nagusia izan zen (1204, Gilen I.a). Greziako lehen biltzar nazionalak han egin zuen lehen bilkura (1821).