Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argentina

(Izen ofiziala, Argentinako Errepublika, Esp. República Argentina). Hego Ameriketako hegoaldeko estatu federala, Hego Ameriketako bigarren herrialderik handiena. 2.780.092 km2 eta 39.745.613 biztanle (2008ko estimazioen arabera, argentinarrak). Mugak: Bolivia eta Paraguai, iparraldean; Brasil, ipar-ekialdean; Uruguai eta Ozeano Atlantikoa, ekialdean; Txile, mendebaldean. Hiriburua: Buenos Aires (2.965.403 biztanle; 11.298.030, metropolia barne). Hiri nagusiak: Kordoba, Rosario, La Plata, San Miguel de Tucumán, Mar del Plata, Salta eta Mendoza. Hizkuntza ofiziala: gaztelania (bertako hizkuntza indigena batzuk ere hitz egiten dira). Erlijio ofiziala: katolikoa. Dirua: pesoa. ■ 1816an Espainiako inperiotik askatu eta independentzia eskuratu zuenetik, kontserbadoreen eta liberalen arteko eta aginpide militar eta zibilen arteko barne gatazka gogorrak bizi izan ditu Argentinak. Aberastasun natural eta baliabide ugariko herrialdea denez, eta atzerriko inbertsio handiak jaso izanari esker, nekazaritza modernoa eta industria askotarikoa dauzka. Bigarren Mundu Gerraz gero militarren diktadurapean egon da Argentina, harik eta 1983an hauteskunde demokratikoak egin ziren arte; dena dela, giro nahiko nahasia dago politikan eta ekonomian. ■ Biztanleak. Argentinako biztanleen % 85 inguru europarren ondorengoak dira (espainiarren eta italiarren ondorengoak batez ere). Hego Ameriketako gainerako herrialdeetan ez bezala, oso biztanle mestizo gutxi dago; bertako biztanleek eta mestizoek biztanleriaren % 2 bakarrik hartzen dute. Argentinako gobernuak Europako immigrazioa bultzatzen du ofizialki, eta etorkin herrialdetzat hartua da; jatorri euskalduneko kolonia handia bizi da han. Biztanleen heren bat baino gehiago Buenos Airesen eta metropolian bizi da, eta biztanleen % 85 bizi dira hiriguneetan. Argentinak demografia hazkunde altua du; Hego Ameriketako hirugarren herrialdea da biztanle kopuruari dagokionez, eta bizi itxaropena, berriz, batez bestekoa baino apur bat garaiagoa da. Alfabetatuen kopurua % 95 ingurukoa da, Latinoamerikako garaienetakoa. ■ Gobernua eta administrazioa. Argentina estatu federala da; 23 pronbintzia ditu, eta hiri autonomo bat: Buenos Aires. Honako hauek dira probintziak: Catamarca, Chaco, Chubut, Cordoba, Corrientes, Entre Rios, Formosa, Jujuy, La Pampa, La Rioja, Mendoza, Misiones, Neuquen, Rio Negro, Salta, San Juan, San Luis, Santa Cruz, Santa Fe, Santiago del Estero, Tierra de Fuego eta Tucuman. Argentinak beretzat eskatzen ditu Antartikako eskualde bat eta Hego Atlantikoko zenbait uharte ere (Malvina edo Falkland uharteak), nahiz eta herrialde askok ez dioten jabego hori ezagutzen. Antartikako Hitzarmenaren sinatzaileetako bat da, eta presentzia etengabea du Antartikan 1904az gero. Bestalde, Erresuma Batuarekin istiluak izan ditu Malvina uharteen eta Hego Atlantikoko beste uharte batzuen gaineko nagusitasuna dela-eta. Gobernuari dagokionez, errepublika da Argentina. Gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1853an idatzi zen, eta 1994an berridatzi. Aginpide betearazlearen burua presidentea da, eta bera da, aldi berean, estatuburu eta gobernuburua. Aginpide legegilea Nazio Batzarraren esku dago (senatua eta diputatuen kongresua hartzen ditu). Aginpide betarazleko karguak aukeratzeko hauteskundeak lau urtez behin egiten dira, eta aginpide legegileko karguen iraupena sei urtekoa da, bi urtez behin  berritzen dira, herenka. ■ Ekonomia. Argentina baliabide natural aberatsekiko lurraldea da. Bertako ekonomia nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritu da, tradizioz, baina azken hamarraldietan bilakaera nabarmena gertatu da industrian, meatzaritzan, arrantzan eta zerbitzuen sektorean. Munduko labore, okela eta olio ekoizle nagusietakoa da. Industriari dagokionez, berriz, elikagai eta edari industria, metalgintza, auto eta motore industriak, petrolio findegiak eta ehungintza dira jarduera nagusiak. 1980ko hamarralditik aurrera, ekonomiak gainbehera nabarmena izan du; kanpo zorra izugarri hazi zen eta inflazioa % 200 igo zen batez beste. Ordu arte "Hego Hemisferioko Europatzat" hartua zen herrialdeak Latinoamerikako herrialdeen ereduari heldu zion, eta 1989an biztanleen % 38 pobrea zen. Krisiari aurre egiteko, sektore publikoaren pribatizazioa bultzatu zen eta dirua egonkortzeko erreforma garrantzitsuak egin ziren (1991n pesoa dolarrarekin parekatu zen), banku sisteman berrikuntzak egin ziren, etab. Hurrengo urteetan inflazioa asko jaitsi zen, eta neurri haiei eta nazioarteko egoera ekonomiko onuragarriari esker, BPG % 40 igo zen 1995az gero. Baina politika liberalak zerbitzuak hobetzea eta BPG errealaren igoera (% 9 1997an) ekarri zuen arren, kanpo zorra oraindik handia da, eta langabezia % 25era iritsi zen, 2002an. Azken urteetan, dena den, susperraldia izan du ekonomiak, eta horri esker langabezua eta pobrezia murriztu egin dira. ■ Nekazaritza eta abeltzaintza. Argentinako nekazaritza ekoizpenak barne beharrak asetzeko eta soberakinak esportatzeko lain ematen du, nahiz eta lurraren % 13 bakarrik den nekazaritzarako baliagarria. La Pampa da eskualderik oparoena, laboreetan batez ere. Abeltzaintzari dagokionez, okela ekoizpen oparoa du Argentinak; okela eta eratorriak dira esportazioetarako gai nagusietakoa (% 11, 1994an). Okela gordinaren eta laboreen munduko esportatzaile handiena da, eta artilea ere esportatzen du. ■ Meatzaritza. Azken hamarraldiotan ikatz eta petrolio ekoizpenak gora egin du. Petrolioa da mea aberastasun aipagarriena, eta barne beharrak asetzeko eta esportatzeko adina ematen du; petrolio ekoizpena % 60 hazi zen 1990 eta 1996 bitartean, eta Txilerainoko oliobide bat eraiki da. Gas naturala ere ekoizten da. ■ Industria. Argentinako industria gehienak Buenos Airesen daude. Industrian dihardute langileen % 20 inguruk, eta jarduera nagusiak elikagai industria eta ehungintza dira. Aipagarriak dira, orobat, goma, zementua, kimika gaiak, plastikoa etab. Metalgintzaren industriak nabarmen egin du gora. ■ Energia. Argentinak energia baliabide bikainak ditu, eta iturri askotatik atera dezake, gainera, energia (batez ere hidroelektrikoa eta gasa), petrolioaz, ikatzaz eta uranioaz gainera. Energia berriak ekoizteko aukera ere badu: energia geotermikoa, eolikoa, eguzki energia, etab. MERCOSUR elkartearen eskutik lan handiak egiten ari dira, adibidez kostaldearekiko lotura elektrikoak eta gasbideak Txile, Uruguay eta Brasilera. 1994an 62.700 milioi kWh ekoiztu ziren. ■ Merkataritza. Argentinaren esportazio gai nagusiak nekazaritza arlokoak (alea eta haragia, batik bat, eta barazkiak, esnekiak eta olio gaiak, gutxixeago) eta petrolioa dira. Inportazio gaiak (makinak, metalak, gai kimikoak, mineralak…) Estatu Batuetatik ekartzen ditu batez ere. Barne merkataritza bizkorra da, errepide, burdinbide, itsaso eta ibaibide sare zabal bati esker. 1991n indartu egin zen Argentinako merkataritza, baina 1996 arte emaitza negatiboa izan zuen; 1994an, esaterako, 15.800 bat milioi dolar atera zituen esportazioetatik eta 21.600 milioi dolar inportazioetatik. Merkataritza harreman nagusiak Brasilekin ditu, eta salerosketa jarduera handia du, orobat, Alemania, Estatu Batuak, Belgika eta Herbehereekin. 1991n Asunciongo Hitzarmena sinatu zuten herrialdeetako bat da Argentina, MERCOSUR elkarteko kidea beraz (Mercado Común del Sur, Hegoaldeko Merkatu Batueratua); merkatu horretan merkatu askea ezarri zen 1999an salgai guztientzat. ■ Historia. Espainiarrak Mar del Platara iritsi baino lehen (Juan Díaz de Solís, 1516), biztanle gutxiko herri amerindiarrak bizi ziren egungo Argentinako lurretan. Paraná eta Paraguai ibai arroetan herri tupi-guaraniak, nekazariak eta Argentina barnealdean ehiztariak. 1536. urtean hasi zen espainiarren konkista. Pedro de Mendozak Buenos Aires hiria sortu zuen, baina indiarrekin harremanik ez zutelako eta haien erasoak etengabeak zirelako, utzi egin behar izan zuten luze gabe. Potosiko zilar meatzeak aurkitzeak, ordea, Río de la Plata alderako joera areagotu egin zuen eta Argentina iparraldea (Chaco, Río de La Plata) Peruko erregeordetzaren mendeko lurralde bihurtu zen. Juan de Garayk bigarren aldiz sortu zuen Buenos Aires 1580. urtean. Erregeordetza eskuratu bitartean (1776), Argentinako kolono espainiarrek bi eginkizun izan zituzten: bertako herriei nagusitzeko gerra egin eta Mar del Platara inguratu ziren talde frantses, ingeles eta holandarrei, eta iparraldetik erasoan ari ziren kolono portugaldarrei aurre egin. 1776. urtean Río de la Platako erregeordetza sortu zen, Perukotik bereizi eta eginbide kolonialistak hobeto gauzatzeko asmoz. Independentziaren aldeko lehen urratsa izan zen, ordea, hura: metropoliak ezarritako monopolioak haserre bizia piztu zuen bertako kolonoen artean eta, Ingalaterrak lagunduta, askatasunaren aldeko mugimendua sortu zen. 1810ean, altxamendu batzorde batek erregeordea egotzi eta «Provincias unidas del Río de la Plata» direlakoen independentzia aldarrikatu zuen. 1816an, Belgrano eta San Martin jeneralak espainiarren gudarosteei nagusitu zitzaizkien eta Argentinaren burujabetasuna lortu zuten. Argentina bat egitearen aldekoen (Rivadavia) eta probintzietako autonomisten arteko borroka izan zen nagusi XIX. mendean. Rosasen diktadura zentralistak (1829 - 1852) ezarri zituen Argentinako estatuaren oinarriak. Diktadura kendu ondoren, Santa Fe-ko kongresuak konstituzio federala onartu zuen (1853). Kanpoko kapital eta etorkin asko (orduan joandako euskaldunak ugari dira oso) joan ziren garai hartan Argentinara eta garapen ekonomiko izugarria izan zuen; dena dela, muga arazoak eta Paraguairen aurkako gerra (1865 - 1870) oztopo izan ziren horretan. Garapen ekonomikoak eta immigrazioak areagotu egin zuten Buenos Aires hirialde guztiz jendeztatuaren eta gainerako Argentinaren arteko gatazka. Lanbide liberalei lotutako burgesiak eta langileriak gero eta indar handiagoa hartu zuten hiri nagusian, baina aginpide ekonomikoak eta politikoak militarren eta lur sail handien jabeen esku segitu zuen. 1916. urteko lehen hauteskunde orokorren ondoren (Hipólito Yrigoyen, alderdi erradikala), burgesia liberal nahiz oligarkikoa («aristokrazia») izan zen gobernuan, Argentinako politikan beti izan diren militarren begiradapean. 1930. urtean José Félix Uriburu jeneralak emandako estatu kolpeak gobernu militarren garaia zabaldu zuen. Oligarkiakoen esanei loturik eta gainbeherako egoera ekonomikoa menderatu ezinik, gobernu horiek beste molde bateko gobernu militarrari egin zioten leku. Rawson y Ramírezen estatu kolpeak (1943) ireki zuen militarren eta nazionalismo populistaren arteko batasunaren aroa: peronismoa egin zen agintearen jabe 1946an. Juan Domingo Perónek hiriko langilerian oinarritu zuen boterea (descamisados), nekazarien eta hiri klaseen kaltetan. Kanpoaldean, Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren aurrean irmo azaldu zen Argentina independentziaren alde. 1950etik aurrera, Eliza eta Armada aurka jarri zitzaizkion eta 1955ean aginpidetik kendu eta Espainiara jo behar izan zuen. Bolada batean zuhur ibili ondoren (Frondizi), estatu kolpeak egin zituzten militarrek bata bestearen atzetik: Onganía jeneralak (1966), Lanusse jeneralak (1971). 1973. urteko hauteskundeak Perónen alderdiak (justicialista) irabazi ondoren, Argentinara itzuli zen. Handik urtebetera hil zen eta Isabel Martínez de Perón (Perónen hirugarren emaztea) izendatu zuten lehendakari. Alderdi justizialista banatu egin zen orduan: ezkerreko joera marxistaren inguruko talde armatua (Montoneros) berriz ere ekintzak egiten hasi zen, diktadura militarra zegoen garaian egin bezala. Inflazioa mugatu ezinik (% 800ekoa), gizarte arazoei erantzun ezinik eta erabateko ustelkerian murgildurik, militarrek, Videla jenerala buru zutela, beste estatu kolpe bat eman eta agintea hartu zuten. Errepresioa eta tortura erabilita, Argentinako junta militar horrek giza eskubideen aurkako ekintza lazgarrienetakoak egin zituen (30.000 lagun desagerrarazi,...). Ekonomia zuzendu ezinik eta jendearen egoera larria arindu nahirik, kutsu nazionalista zuen ekintza prestatu zuen batzorde militarrak: 1982ko apirilean Argentinako armadak Erresuma Batuaren esku dauden Malvina uharteak hartu zituen indarrez baina, Estatu Batuek lagunduta, Erresuma Batuko armadak berreskuratu egin zituen eta milatik gora argentinar hil ziren gerran (1982ko apirila-ekaina). Hor hasi zen gainbehera garai hartan aginpidean zegoen junta militarra. 1982an, Malvinetako gerraren ondoren, erregimen demokratikoa ezarri zen berriro Argentinan. 1983an hauteskundeak egin ziren, eta zibilek eskuratu zuten aginpidea. Raúl Alfonsín erradikala izan zen lehendakari 1989. urtea arte. Bitarte horretan demokraziaren aldeko lan handia egin zen gizartetik (Plaza de Mayoko amen higikundea, besteak beste) eta gobernutik: gudarostea berrantolatu zen, Batzorde militarra (Videla, Massera eta Agosti) epaitu zuten giza eskubideak urratzeagatik, etab. Baina demokrazia finkatzeko arazo handiak izan ziren, krisi ekonomiko larria eta militarrek aginpidea hartzeko egindako saioak zirela-eta. 1989an Carlos Menem hautagai peronistak irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak, eta 1995ean berretsi egin zuten kargu horretan, datu makroekonomiko onei esker batez ere. Baina nazio barruan bakea eta elkarkidetasuna indartzeko aitzakian, Menemek militarren etengabeko presioen aurrean amore eman eta aske utzi zituen Malvinetako gerraren arduradunak eta estatu kolpean parte hartu zuten militar torturatzaileak (1990), eta egoera ekonomikoak ere okerrera egin du azken urteetan. Menemek politika neoliberala eraman du aurrera, eta politika horrek ondorio onak izan zituen lehenengo bost urteetan ekonomian, baina ondoren istilu asko sortu zen, politika horrekin biztanleriaren parte handi bat pobretu zuelako eta gizarte desberdintasunak areagotu zituelako. Azkenik, 1999ko hauteskundeak oposizioak irabazi zituen, eta De la Rúak hartu zuen lehendakaritza. 2001ean gizarte liskar larriak gertatu ziren Argentinan, kapital ihesari aurre egiteko hartutako neurriak zirela-eta (bankuetako gordailuak izoztea, corralito deritzona). Krisi haren ondorioz, hainbat lehendakari aldaketa gertatu ziren oso denbora gutxian, harik eta 2002tik aurrera ekonomia berriro egonkortzen hasi zen arte. 2003an Garaipenerako Fornteko buru Nestor Krichner hautatu zuten lehendakari. Enpresak nazionalizatu zituen, BPGak gora egin zuen eta langabezia murriztu zen, baina atzera egin zuen 2002an eratutako gizarte planetan eta laguntzetan eta inflazioa igo zen. 2007ko hauteskundeak haren emazte Cristina Fernandezek irabazi zituen; herrialdeko lehendakari hautatutako lehen emakumea izan da. Oro har, senarraren politika berari jarraitu dio krisi ekonomikoari aurre egiteko eta estatuaren esku-hartzea sustatu du.
http://www.argentina.gov.ar