Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aragoi

Espainia ipar-ekialdeko autonomia erkidegoa. Mugak: Pirinioak (Biarno, Pirinio Garaiak, Aričge), iparraldean; Euskal Herria (Nafarroa eta Zuberoa) eta Gaztela eta Leon, ipar-mendebaldean eta mendebaldean; Katalunia eta Valentzia, ekialdean eta Gaztela-Mantxa, hegoaldean. Hiru probintzia hartzen ditu: Huesca, Zaragoza eta Teruel. Hiri nagusiak: Zaragoza, Huesca, Teruel, Calatayud. 47.669 km2. 1.213.099 biztanle (26 biztanle/km2-ko).
 v  Orografia. Hiru eremu nagusi bereiz daitezke Aragoin: Pirinioaldea, iparraldean; Ebro harana, erdialdean eta Iberiar Mendilerroa, hegoaldean. Pirinioaldean (50 km luze) daude mendikate horretako gailurrik garaienak (Monte Perdido, 3.355 m; Maladetak, Aneto mendia, 3.404 m). Pirinioetako haran sakon eta kanoien hegoaldera zabaltzen dira Ebro haranaren bitarteko goi ordoki idorrak (Huesca). Erdialdean zabaltzen dira Ebro ibaiak ureztaturiko zabaldiak (Zaragoza) eta hegoaldean Iberiako Mendiak osaturiko goi ordokia agertzen da (Calatayud, Teruel, 1.000 m).
 v  Hidrografia. Ibaiak ureztatze lanetan eta ur energia sortzaile gisa erabiltzen dira. Ebro da ibai nagusia. Adar nagusiak: Aragoi, Gállego, Segre, Jalón, Jiloca eta Cinca.
 v  Klima. Kontinentala eta idorra da, mendilerroek eragozten baitute Atlantiko nahiz Mediterraneo aldetako haize lasterren sarrera.
 v  Ekonomia. Aragoiko ekonomia jarduera nagusia nekazaritza da, Ebro haranean finkatua bereziki (mahastiak, oliba, alpapa, azukre-kanabera). Mahatsondo eta olibondoak landatu dira orain berri ureztaturiko eremuetan (urtegi berriak, Plan Aragón delakoa). Pirinioaldean garagar eta oloa lantzen badira ere, abere hazkuntza da ekonomia jarduera nagusia. Mea baliabide urrikoa (lignitoa, Teruel; burdina, Ojos Negros), Zaragoza da industria gune aipagarriena.
 v  Historia. Aragoiko jatorrizko lurraldea, Aragoiko konderria, Huesca ipar-mendebaldeko Pirinioetako haranek (Anso —Berari—, Hecho, Canfranc eta Tena) eta Jaka inguruak osaturiko eremuan sortu zen, Gállego ibaiadar eta Nafarroako Erronkari ibarraren artean (Aragoi ibaiaren goi arroa), Biarnoren hegoaldean. Jatorriz euskaldunak bide zirelarik, Nafarroari lotua ageri da Aragoiko konderria IX. mendean. Pirinioetako haranen hegoaldeko biztanleria iberiarrak erromanizatze prozesu azkarra izan zuen (K.a. 100), Zaragoza (Cesar Augusta) hiri nagusi bihurtuz. Bisigodoak (470) eta arabiarrak (714) nagusitu ziren Inperio erromatarra banatu ondoan (Zaragoza izan zen arabiarrek Europa iparraldearen konkista abiatzeko aukeratu zuten hiria).  v  Aragoiko erreinua. Iruńeko erreinuari lotua egon ondoan, Aragoiko konderria beregain bihurtu zen 1035. urtean, Antso III.a Handiak Ramiro bere ezkontzaz kanpoko semeari oinerdekotzan utzi ondoan. Ramiro I.a Aragoikoak (1035-1063) eta Antso Ramirez bere semeak (1063-1094), bereganatze eta konkista politika bultzatu zuten, Nafarroako erreinutik urrunduz (Antso Nafarroako erregearen hilketaren ondoan bereziki, 1076). Pirinioetako haranak aurrenik eta gero Zaragoza hartu ondoren (Alfontso I.a Gudularia, 1104-1134), Aragoiko erreinua eta Bartzelonako konderria batu egin ziren ezkontza bidez 1137an (Ramiro II.aren alaba eta Ramon Berenguer IV.aren arteko ezkontza), Rosselló (Ipar Katalunia) 1172an elkartu zelarik. Batasun honek iraun zuen bitartean (1410. urtea arte) Aragoi eta Katalunia Mediterraneo aldera begira egon ziren beti. Navas de Tolosa guduaren ondoan (1212), Balear Uharteak (1229-1230), Valentziako erreinua (1238), Sizilia (1282) eta Sardinia (1325) hartu zituzten. 1410ean Martin I.a hilik, iraungi zen dinastia kataluniarra eta bi urtez erregerik gabe egon ondoan, Fernando printze gaztelarra egin zuten errege (1412-1416), dinastia gaztelar bati hasiera emanez. Alfontso V.a Bikainaren erreinuan Napoliko erreinua konkistatu zen (1442) eta Fernando II.a Katolikoak (1479-1516) behartu zuen, Elisabet I.a Gaztelako erreginarekin ezkonduz, Aragoi, Katalunia eta Gaztelaren arteko batasuna, gaztelarren betiko ametsa egia bihurtuz. XVII. mendean porrot egin zuen Aragoi Gaztelatik bereizteko azken asmoa: Luis XIII.a Frantzia eta Nafarroa Behereko erregearen laguntzaz betiere, konspiratzaileek Hijar-ko Dukea ezarri zuten Aragoiko errege, Frantziako koroak Nafarroa Garaia, Rosselló eta Sardinia hartu zituen bitartean. Konspirazioa argitara ekarririk, Carlos de Padilla, Mazarinen aurreko gestioak egin zituen gizona, atxilotu, epaitu eta burua mozturik hil zuten Madrilen 1648ko abenduaren 5ean. Pirinioetako Bakeak (Faisaien Uhartea, 1659) zehaztu zituen Frantzia eta Espainia artean egun ezagutzen diren mugak.
 v  Hizkuntza. Gaur nagusi den gaztelaniaz gainera, beste bi erromantzek iraun dute bizirik Aragoiko lurraldeetan, nahiz oso hedadura txikietan. Goi Aragoiko haranetako (Anso eta Hecho haranetatik Benasqueraino) jatorrizko hizkuntza, bearnesa eta aranerarekin erlazionaturiko okzitaniera mota bat da. Baztertua eta patois modura tratatua, goi-aragoeraz mintzo diren hiztunak gutxi eta adinduak dira. Katalanez mintzo dira, bestalde, Huesca ekialdea eta Lleida arteko muga herri aragoitarretan (Benabarretik ekialdera). Aragoiko erromantzearen gaztelaniatze prozesua laster hasi zen (XIII. m.) eta egun dialekto ezaugarri batzuk baizik ez dira geratu aragoitarren gaztelanian. Espainiarrek dialecto navarro-aragonés ere deitua, erromantze molde hau Nafarroako Ebroaldeko Erriberan zabaldu bide bazen ere, Nafarroa gehiena euskalduna izateaz gainera, errege-jendeak eta Gorteek erabiltzen zuten beste hizkuntza ez zen aragoera, okzitaniera mota bat baizik.