Aragon
, Louis. Frantses idazlea (Paris, 1897 - Paris, 1982). André Breton eta Philippe Soupault-ekin elkartzeak literaturarako bokazioa berretsi zion; elkarrekin Littérature aldizkaria atera zuten (1919). Bi liburuetan bildu dira haren lehen poemak: Feu de Joie (1920) eta Mouvement Perpétuel (1925). Higikunde surrealistaren sortzaileetakoa (Revue Surréaliste, I. zk., 1923). Aragonen testuak beren umore, indarkeria, lirismo eta dotoretasunagatik gainerako surrealiste- netatik nabarmendu ziren: Anicet ou le Panorama (1921); Le Paysan de Paris (1926); Traité du Style (1928). Sobieten iraultzak zekarren justizia agintzak Alderdi Komunistan sartzera bultzatu zuen Aragon (1927). Elsa Triolet, Maiakovski poetaren koinatarekin topo egiteak erabateko eragina izan zuen intelektualaren paperari buruzko ikuspuntu militantea, iraultzaren zerbitzutan ezartzen duena alegia, bere egiteko unean. Errealismo sozialistaren tesiak azaldu nahirik, eleberri egitamu zabalari ekin zion: Le Monde réel. Haren barne aurkitzen dira: Les Cloches de Bâle (1934); Les Beaux Quartiers (1936); Les Voyageurs de l’impériale (1942); Aurélien (1945). Pertsonaia askotako eleberri hauetako ekintza 1914 aurreko urteetatik 1940ra arteko aldian kokatua da. Geroko Communistes (5 liburuki, 1949-1951) margo erraldoiarekin amaitu zen Monde Réel zikloa. Gerran parte hartu zuen; armada utzirik, Nizan finkatu eta berriro klandestinitatean ziharduen Alderdi Komunistarekin jarri zen harremanetan. Erresistentzian esku hartu zuen bitartean, haren poesia liriko eta intimista bihurtu zen: Le Crève-Coeur (1941); Cantique à Elsa (1942); Les Yeux d’Elsa (1942); Brocéliande (1942); Le Musée Grévin (1943); La Diane française (1946). Gerraondoko urteetan Alderdi Komunistaren borroka guztietan hartu zuen parte(1954: Komite Zentraleko kidea). Ordukoak dira: Le Nouveau Crève-Coeur (1948); Élégie à Pablo Neruda (1966); Littératures soviétiques (1955) eta Introduction aux littératures soviétiques (1956). Bakearen Lenin saria eman zioten 1957an. Aro hartakoa da Le Fou d’Elsa (1963), frantsesezko poesia lirikoaren gailurretakoa. Beste zenbait lan: La Semaine Sainte (1958), eleberri historikoa; La mise à mort (1965), kontakizun zorrotza; Blanche ou l’oubli (1967), hizkuntza eta eleberriaren arteari buruzko gogoeta. Les Lettres françaises aldizkariaren sortzaileetakoa izanik, hogei urtez (1953-1972) agerkari horretako lankidea eta zuzendaria izan zen. Azken aldikoak dira: Henri Matisse, roman (1971); Théâtre-Roman (1974); Je n’ai jamais appris à écrire, ou les Incipit (1969), autobiografia literarioa dena, zinez.