Apraiz eta Buesa
, Angel. Euskal kulturaren eragilea (Gasteiz, 1885 - A Coruña, 1956). Deustua eta Salamancako unibertsitateetan Zuzenbidea eta Letrak ikasi zituen. 1911n Literatura eta Arte Teoriako katedra beretu zuen Salamancan eta bi urte geroago katedra bera lortu zuen Bartzelonako unibertsitatean. 1918an Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresua prestatzeari ekin zion, eta Eusko Ikaskuntza Elkarte jaio berriaren Idazkari Nagusia izendatu zuten. 18 urtez (1918-1936) elkarte horren aldizkaria zuzendu eta argitaratu zuen. Halaber, Eusko Ikaskuntzaren bost kongresu eta udako ikastaroak antolatu zituen. Angel Apraiz garai hartako kultura higikunde guztiaren eragile izan zen. Bertako eta kanpoko aldizkarietan argitaratu zituen lanetan, artea, irakaskuntza eta historia alorreko gaiak erabili zituen. Gerraondoko isilaldi luzea iraganik, 1947an hasi zen berriro lanak argitaratzen. 1954an Valladolidko Filosofia eta Letrak Fakultateko dekano izendatu zuten.