Apple Computer, Inc
Estatu Batuetako konputagailu edo ordenagailu ekoizlea, enpresarako, hezkuntzarako, administraziorako eta etxerako sistema informatiko pertsonalak ekoizten eta saltzen dituena. Munduko 120 herrialde baino gehiagotan daude salgai bere produktuak, eta aipagarriak dira horien artean, besteak beste, ordenagailu pertsonalak, inprimagailuak, monitoreak, eskanerrak, softwareak eta sarean lan egiteko loturak. Appleren lantegi nagusiak Estatu Batuetan, Irlandan eta Singapurren daude kokatuta. Enpresa 1976an sortu zuten Steven Jobs eta Stephen Wozniakek, konputagailuetarako zirkuituak saltzeko xedearekin hasieran, baina 1977an elkarte bat antolatu zuten Jobs, Wozniak eta Mike Markkula bazkide berriak eta ordenagailu pertsonal bat merkaturatu zuten, Apple II izenekoa. 1982. urtean ordenagailu pertsonal gehien saltzen dituen enpresa izatera iritsi zen. Hurrengo urtean Lisa ordenagailua aurkeztu zuten, eta hartan oinarriturik sortu zuten azkenik Macintosh ordenagailu pertsonala, ordenagailu merke eta soila, erabiltzaile arruntentzako bereziki aproposa. 1986an ofimatikako lehen produktuak kaleratu zituzten, eta eragin handia izan zuten autoedizioaren alorrean. Lehenengo urteetan, 1985 inguru arte, arrakasta handia izan zuen Applek, baina ondoren aldaketa nabarmenak gertatu ziren (bazkideak, etab.). 1990ean Macintosh ordenagailu berriak atera ziren merkatura, bezero gehiago erakartzeko asmoz, eta sistemaren softwarea handitu zuten. 1991. urtean International Business Machines Corporation (IBM) enpresarekin bat egin zuen Applek, zenbait proiektu aurrera eramateko. 1992an urrats handia egin zuten konputagailuetan, Macintosh PowerBook, Appleren lehenengo ordenagailu eramangarria sortu zutelarik, eta handik bi urtera lehehengo PowerPC ordenagailuak agertu ziren, Apple, IBM eta Motorola enpresen elkarlanari esker; ordenagailu horiek aurrerapen handia ekarri zuten ahalmen eta errendimendu aparta eskaintzen dutelako duten preziorako. Iraultza handia eragin zuten, halaber, AppleTalk izeneko produktuarekin. Apple enpresak sorturiko lekuan lekuko sarea da AppleTalk, nahiko merkea, Apple markako eta beste etxe batzuetako ordenagailuak sarean lanean jarduteko eta hainbat baliabide (inprimagailua, artxiboen zerbitzariak…) konpartitzeko aukera eskaintzen duena.