Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antiokia

(Turkieraz, Antakya) Turkiako hiria, Siriako mugatik hurbil. 66.400 biztanle. Labore merkatua. n Historia. Seleukos Nikator enperadoreak eraikia K.a. 300. urtean (Antiokheia, Antioko bere aitaren omenez), Seleukotarren inperioaren hiriburu eta Ekialdeko gune heleniar handi bihurtu zen. Erromak konkistatua (K.a. 64), inperioko hirugarren hiria izan zen, Erroma eta Alexandriaren ondotik (500.000 biztanle). Jerusalemgo kristauek (San Bernabe, San Paulo) ebanjelizatu ondoan, San Petri bertako lehen apezpikua izan bide zen, tradizioaren arabera. Patriarken egoitza, Antiokia erlijio eztabaida frankoren gunea izan zen (II-V. mendeetan arrianismoa, monofisismoa, nestorianismoa). Persiarrek (540) eta arabiarrek (636) hartua, bizantziarrek konkistatu zuten X. mendean (969) eta seljukiden eskuetara igaro zen 1084. urtean. Lehen Gurutzadan, kristauek konkistatu (1098) eta printzerri askea izan ondoan, mamelukoen (1268) eta otomandarren (1516) hiri izan zen. Azkenik Turkiako estatura igaro zen, frantsesen esku egon ondoren (1920-1939).