Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Angkor

Kanbodiako ipar-mendebaldeko hiria, khmer erregeen inperioaren antzinako hiriburua (IX-XV. m.). IX. mendean sortu bazuten ere, hainbat alditan utzi eta beste hainbatean berriro eraiki zuten. Angkor Thom («hiri handia») egungo hirian, monumentu askoren artean, aurreko hirietako «tenplu-mendiak» ageri dira. Tenplu nagusia Bayon izenekoa da (XIII. m. hasierakoa). Hiria inguratzen duten urmael eta ubideak nekazaritzarako ureztatze lanak ziurtatu eta nabigazioa errazteko erabiltzen ziren. Hiriaren hegoaldean dagoen Angkor Vat («tenplu-hiria») hileta tenplua XII. mendean eraiki zen, Angkor Thom hiritik berex. 1431ko siamdarren inbasioaren ondoren utzia, XIX. mendean aurkitu zuten europarrek Angkor, arte khmer-aren multzo ikusgarriena.