Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Amon

(edo Ammon, «[jainko] ezkutua») Antzinako Egiptoko jainkoa, hasieran Tebasko jainko soila eta XII. dinastian (K.a. 2000-1800) jainko nagusiengana goratua. Haren izena eta eguzkiaren jainkoarena laster batu ziren (Ammon-Ra), eta Tebas hiri inperialean halakotzat gurtu zuten. Munduaren sortzaile eta bizitza emailea; haren ageriko gauzatzea eguzkia da, biziemaile eta, zenbaitetan, suntsitzaile ere badena. Laster Inperio Askearen jainko goren bihurtu zen, eta Inperio Berriaren zaindari. Akenaton enperadorearen erlijiozko iraultzak Aton jainkoaren gurtza ezarri zuen Amonenaren ordez, hein handi batean Amonen apaiz gero eta aginpidetsuagoen aurka zuzendua zelarik. Tutankamon (K.a. 1350 inguruan), Akenatonen ondorengoa, berriro itzuli zen Amonen gurtzara, lehen baino indar gehiagoz agian, eta haren ohorez Karnakeko tenplu nagusia eraikiarazi zuen. Amon jainkoaren irudikapenetan, ahari buruz, haren adarrez eta giza aurpegiz agertzen da, edota buru gainean eguzki diskoa eta gabirai luma luzeak dituela. Jainko honen gurtza ez zen baztertu harik eta asiriarrek Tebas hiria suntsitu zuten arte (K.a. 664 inguruan), eta jainkoen arteko lehen tokia Osiris jainkoak beretu. Grekoek Zeusekin berdindu zuten.