Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

amniozentesi

iz. Med. Jardunbide medikoa, haurdunaldian egiten dena, jaiotzekoa den haurraren osasunaren eta heldutasunaren berri jakiteko. Umetoki edo uteroan umekia inguratzen duen isurkari amniotikoa deritzan gaiaren kopuru txiki bat hartu eta aztertzean datza. Amniozentesiaren bidez, umekiari eragin diezaioten 150etik gora gaitzen diagnosi zehatza egin daiteke, horien artean Down sindromearena eta Tay-Sachs eritasunarena. Amniozentesiak oso arrisku gutxi du, bai amarentzat bai umekiarentzat. Normalean haurdunaldiaren laugarren hilabetearen amaieran edota azken hiru hilabeteetan egiten da. Laugarren hilabetean egiten denean, akats genetikoak antzematea izaten da helburua. Sendagilea, zenbait eritasunen kasuan, umekia berehala tratatzen has daiteke, eta, besteetan, plangintza prestatu dezake, umea jaiotzen denean unean bertan aplikatzen hasteko. Kasu batzuetan, gurasoek abortua egitea erabakitzen dute, baldin amniozentesian ezin sendatuzko gaitzen baten arrastorik agertzen bada. Haurdunaldiaren azken hiru hilabeteetan egiten denean, bestalde, umekiak garapen maila normala iritsi ote duen jakiteko egin ohi da amniozentesia. ■ Amniozentesia ultrasoinuen laguntzaz egiten da, hau da, maiztasun altuko soinua duten uhinen bidez. Uhin ultrasonikoek umekiaren irudia ematen dute pantaila berezi batean. Horrela, sendagileak umekiaren posizioa behatzen du, eta aldi berean, amaren sabeletik barrena, orratz barne-huts luze bat sartzen du umetokian. Sendagileak orduan isurkari amniotikoaren kopuru txiki bat hartzen du, umekiaren zelulak dituena. Zelula horiek kontrolpeko laborategiko egoeran hazten dira zenbait astetan, gero aztertu ahal izateko.