Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

amerindiar

iz. eta izlag. Etnogr. Ameriketako indiarra. Amerindiarrak arrazaz mongoloideak dira eta nahiz talde homogenoa osatzen ez duten, kultur, hizkuntz nahiz antropologi mailako ezaugarri berdinak dituzte. Larrua hori-gaztain kolorekoa dute, ilea beltz leuna, begiak ilunak eta mongoloideak. Luzera, buruaren tankera eta sudur desberdinekoak badira ere, polimorfismoa arraza zuriarena baino txikiagoa da. Ameriketako lehen giza aztarnak orain dela 30.000 urtekoak dira: lehen jendakiak, Bering itsasartean barrena, Siberiatik Alaskara igarotako ehiztari taldeak izan bide ziren, duela 10.000 bat urte arte igaroak, nonbait. 
 v  Hizkuntza amerindiarrak. Ameriketako hizkuntzak mota eta familia anitzekoak dira. Daniel Brintonek 1901. urtean egindako sailkapenaren arabera, Ipar Ameriketan hogeita sei hizkuntz familia ziren, Erdialdeko Amerikan hogei eta Hego Ameriketan hirurogeita zazpi. Konkista eta kolonizazioaren ondorioz, Ameriketako hizkuntza asko galdu egin dira eta espainiera, portugesa, ingelesa eta frantsesa hizkuntza europarrak dira nagusi eta ofizialak. XVI. mendean 900 bat hizkuntza izango ziren. Bertako beste hizkuntza batzuk ere hedatuz joan dira, kanpo harremanetako eta merkataritzako hizkuntzak izaki. Hori da kitxua (inkarren hizkuntza, Peru eta Andeak), nahuatl (azteken hizkuntza, Erdialdeko Amerika), eta tupi (Brasil) hizkuntzen kasua. Merkataritzaren arloan erabili diren beste hizkuntza batzuk artifizialagoak ziren sortzez: mobilien (Florida-Kentucky), txinook-nootka (Ozeano Bareko kostaldea, Alaskatik Kaliforniara). Kolonen aurretik, maia zen idazketa ezagutzen zuen hizkuntza bakarra. Kitxua (Peru, Bolivia), aimara (Bolivia, Peru) eta guarani (Paraguai) dira Ameriketako hizkuntza sendoenak.