Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Amerika

Munduko sei kontinenteetako bat. 42.000.000 km2 eta 550.000.000 biztanle. Ameriketako kontinentea 18.000 km-tan barrena luzatzen da, Artikoko lurraldeetatik Hegoburuko Zirkuluaren mugetaraino. Bi ozeano handiren artean dago: Ozeano Barea, ekialdean eta Ozeano Atlantikoa, mendebaldean.  v  Bi kontinente masa handik osatua da: Ipar Amerika eta Hego Amerika, istmo batez lotuak: Erdialdeko Amerika. Mendi zerrenda luze batek zeharkatzen du kontinenteko mendebaldea iparretik hegoalderaino, zabalagoa iparraldean (Rocky Mountains), garai eta bolkanikoagoa hegoaldean (Andeak). Ekialderago mendi eta eremu zahar higatuagoak ageri dira: Appalacheak, Kanadako mendiak, Guyanako mendialdea, Patagoniako goi ordokia. Kontinente eremu bakoitzaren erdialdeak, ibai nagusiek (Mississippi, Orinoko, Amazonas, Paraguai, Parana) zeharkatzen dituzten ordokiek osatzen dituzte. Erdialdeko Amerikan mendi gazteak daude (oraindik jardunean diren sumendiak), Yucatan ordoki handiaz batera. Antilla uharteek ere ezaugarri berberak dituzte.  
 v  Klima. Ameriketan era askotako klimak daude. Latitude hedadura zabala da hain klima eta landaretza desberdinen arrazoia. Ipar Amerika gehiena eremu hotz eta epeletan dago; iparraldean tundra eta konifera basoak ugari dira, hegoalderago, pinudi eta estepak tartekatzen direla. Erdialdean, estepa eta ordokiak nagusi badira ere, Atlantiko aldeko basoak ageri dira, Mississippi ibaiaren ekialdean. Erdialdeko Amerika osoa eta Hego Ameriketako iparraldea klima tropikalekoak dira. Ande mendiek klima eremu guztiak zeharkatzen dituzte: ekuatoriala, tropikala, basamortukoa (Peru eta Ipar Txile) eta ozeanikoa. Oihan tropikala eta sabanak zabaltzen dira Hego Ameriketan. Hego Brasil eta Argentinan, ordokiak (panpa), sastraka eremuak eta estepak (Patagonia) ageri dira.  
 v  Biztanleria. Europarren etorrerak guztiz aldatu zuen Ameriketako biztanleria. Ipar aldean, herri amerindiarrak sakailatu eta bazterreratu ondoren (XVI-XIX. m.), Europatik helduriko etorkinek (irlandar, ingeles, germaniar eta mediterranearrak) hartu dituzte lurralde haiek. Zuriek esklabo gisa eraman zuten jendetza beltza ere asko ugaldu da, nahiz proportzio gutxiagoan eta betiere zuriengandik berezita. Erdialdeko Amerikan, indiarrak eta mestizoak dira nagusi, eta Antilla uharteetan, beltzak eta mulatoak (Kuba eta Puerto Ricon izan ezik). Espainiar eta portugesek konkistatu zuten Latinoamerika, zibilizazio handiak (maiak, aztekak, inkak) galarazi eta herriak kolonizatu eta zapalduz (karibeak, kitxuak, araukanoak…). Benetako arraza nahasketa, ordea, XIX. mendean hasi zen, etorkin espainiar, portuges, italiar (Argentina eta Brasil) eta alemaniarrak oldeka etorritakoan.  
 v  Ekonomia. Guztiz garaturik dagoen Ipar Ameriketako ekonomiak (Estatu Batuak, Kanada) ekoizpen handiko laborantza eta industria aginpidetsua bultza dezaketen izadi baliabideak ditu oinarri. Irtenbide eta, batez ere, lehengai merkeen bila, XIX. mendetik aurrera jarri zen iparraldea Hego Amerikari begira. Alde honetako sektore nagusia laborantza da (kotoia, kafea, fruituak, abeltzaintza) eta industriak garapen urria izan du, baliabide naturalak ugari eta askotarikoak badira ere. Teknologia, merkatu eta kapitalaren jabe diren Estatu Batuek egoera erdikolonialean eduki dituzte eta dauzkate Latinoameriko herri guztiak, Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikako benetako aginpide ekonomiko eta politikoa Ipar Ameriketan dagoelarik. Askatasunaren bidean abiatu eta gero (XIX. m.), Latinoameriketako herriek ez zuten egoera ekonomikoa aldatu, aberastasunak talde txikien eskuetan geratu baitziren. Lurlantzaren erreforma hainbat herritan gauzatu da (Kuba, Txile); eraldaketa industriak nolabaiteko garrantzia du Argentinan, Brasilen, Mexikon eta Txilen… baina azpiegiturarik eta teknologiarik ezak eta biztanleria gero eta handiagoa izateak guztiz zailtzen dute Ameriketako parte handienaren garapen ekonomikoa.
 v  Historia. Kolonizatzaileen tesiei jarraituz, askoren aburuan, Ameriketako historia 1492ko urriaren 12an hasten bada ere, Amerika duela 30.000 urte jendeztatua zegoelako ziurtasuna lortu da duela gutxi. Amerika barneko biztanleria Siberiatik etorritako herriek osatua da, Wisconsin izoztegi aroaren hasieratik aurrera (K.a. 30.000-20.000). Herri polinesiar eta melanesiarrekin ere harremanak bazituztela ziurtzat jo arren, ezin eman izan dira orain arte lotura horiek egiazta ditzaketen frogak. Oro har hiru kultura esparru nagusi bereiz litezke konkista aurreko Ameriketan: ipar eta hegoaldeko herriak; Antilla eta Brasil kostaldeko kulturak eta Mexikotik Hego Ameriketako erdialdeko Andeetaraino nagusitu ziren zibilizazio garatuenak (toltekak, aztekak, maiak, txibtxak, inkak). Zibilizazio hauek eraikuntza, arte eta gizarte nahiz politika mailan egitura sendo eta indartsuak bazituzten ere, eskasia nabarmenak ageri zituzten teknikari dagokionez (ez zuten gurpila ez eraikuntzan bobeda ezagutzen; ez zuten dirurik erabiltzen; nekazaritzarako teknikak guztiz primitiboak zituzten, eta metalgintzan, mea errazenak baizik ez zituzten lantzen). Eskandinaviarrak egungo Kanadako mendebaldeko lurraldeetara iritsi (X-XI. m.) eta mende batzuk geroago, Kristobal Kolonek Ameriketako Karibe aurkitu zuen 1492. urtean. Nahiz data hau baino lehen joan zirelako ziurtasunik ez izan, dirudienez euskaldunek bazuten eskandinaviarrek eginiko espedizio horien berri (nolanahi ere, XVI. mendeko lehen erdialderako nagusi ziren bale arrantzan Ternua eta Labrador alderako espedizioetan). Kolonen espedizioak iritsi zirenean, oso demografi eremu desberdinak aurki zitezkeen Ameriketan: biztanleria handiko lurraldeen ondoan (Ipar Andeak eta Erdialdeko Amerika), biztanleria erabat urri eta barreiatua zuten eremuak ageri ziren Ipar eta Hego Ameriketan. Konkistatzaile espainiar eta portugesak egungo Latinoamerikaz jabetu ziren, eta Tordesillasko Hitzarmenean (1494) erabakitakoaren arabera banatu zuten lurraldea. Ipar Amerikaren konkista geroago hasi zen: ingelesak New England-en finkatu eta Massachussets eraiki zuten 1620. urtean, eta frantsesak Nouvelle-France edo Kanadan egokitu ziren. Luza gabe hasi ziren elkarren arteko borrokak eta 1763. urtean Kanada ingelesen eskuetara igaro zen. Hamahiru urte geroago, kolonia ingelesak matxinatu eta Estatu Batuen Independentzia Gerra hasi zen (1776-1783). Altxamendu honen izpiritua Latinoamerikan ere errotu zen: San Martin-ek Andeetako lurraldeak askatu zituen, Iturbidek Mexiko, Bolivar eta Sucrek Hego Ameriketako iparraldea (Ayacuchoko gudua, 1824). Brasilek Portugalekiko independentzia 1822. urtean lortu zuen. Ipar Ameriketan bi estatu sendotu ziren (Kanada eta Estatu Batuak); Latinoamerikan, ordea, halako egonkortasun politikorik izan ez duten hogei estatu berri sortu ziren. 1948an Latinoamerikako estatuak biltzen dituen erakunde bat sortu zen (AEE, erakunde honetatik kanpo daude Kanada eta 1962. urtean egotzi zuten Kuba). Estatu Batuen kontrolpean dagoen erakunde honen helburu nagusia, egungo egitura eta oreka politikoak mantentzea izan da, mugimendu ezkertiar eta marxistei bidea eragoztearren.         
 v  Kolon aurreko artea Erdialdeko Amerikaren iparraldean (Mexiko eta Costa Rica). Garai honetako arteak ez zuen berez helburu estetikorik; erlijioaren azalpena zen nagusiki, jainkoenganako gurtza adierazten zen artearen bidez. Garai klasikoaren aurreko aldian (K.a. 2000 - K.o. 300) tenpluak txikiak ziren, eta ekai arinak erabiltzen ziren eraikuntza horietarako. Geroago, garai honen erdialdean, olmekak agertu ziren; erlijiorako gune handiak eraiki zituzten. Olmeken ugazaba eta apaizen hilerri batzuk ere aurkitu dira; aristokrazia moduko bat bazegoela adierazten du horrek. Zeramikazko lan harrigarriak egin zituzten eta bi irudi mota agertzen dira: harrizko buruak eta jade harrizko iruditxoak. Bai lehenengoak bai bigarrenak teknikarako trebetasun handia zutela erakusten dute. Olmeken eragina Mexikoko goi ordokiraino zabaldu zen, preklasikoaren erdialdean. Garai horretakoa da Cuilcuilco piramidea, Mexikon. Xitleko sumendiaren labak estali zuen K.o. 300. urtean eta gainean beste tenplu bat eraiki zen. Gaur egungo Oaxaka estatuan, Alban mendiaren oinean erliebeak aurkitu dira, hauek ere olmeka herriaren eraginpean eginak. Hegoalderago, Guatemalan estilo berri bat agertzen hasi zen olmeken eragina alde batera utziaz, maien estiloa hain zuzen.  v  Aro klasikoa (K.o. 300-900). Garai honetako lehenengo zibilizazioa Mexikon kokatu zen. Izugarrizko metropolis handia eraiki zuten. Bertako tenplu nagusia, piramide batean, Eguzki jainkoaren omenez egin zen. Adobaz egina dago, harri koxkorrekin nahastuta eta harriz inguratua. Ondoan beste bat egin zioten Ilargiari, hura baino txikiagoa eta harekin lotua, pasabide baten bidez. Tenpluez gainera, jauregi eta etxe aztarnak ere aurkitu dira. Zeramikak forma berriak hartu zituen garai honetan, moldea erabiltzen eta horma pinturak egiten hasi baitziren. Aipagarriak dira, orobat, harrizko mozorroak. Beste metropolis garrantzitsu bat Tajin izan zen, Mexikoko golkoan. Herri horretako tenplu aipagarriena hildakoentzako zokoen tenplua da, zazpi solairu ditu eta 365 zoko. Aurreko herriek pilota jokoari garrantzia ematen bazioten ere, garai honetako zazpi jolas alor aurkitu dira bakarrik.  v  Klasiko ondoko aroa. Garai honetan tolteka herria nabarmentzen da. Tula izan zen herri honen kokalekua. Tulako tenpluan kariatide handiek eusten dituzte gela sabaiak; kariatideek gerra-gizonen itxura dute. Tulako hiria aztekek suntsitu zuten 1160 urtean. Urte horretatik aurrera aztekek hartu zuten indarra. Garai honetako eraikuntza gehienak espainolen konkista garaian suntsitu ziren, eta horrenbestez arkitektura ez da ezagutzen. Hala ere, estatuak aurkitu dira, gizaki eta abere itxura dutenak. Zeramikan ez zuten aurrerakuntza handirik egin, beren aurreko herriak kontuan hartzen badira. Dena dela, harria lantzeko teknikan eta beste zenbait arteetan aurrerakuntza handiak egin zituzten. Azteken garai berean maiak bizi izan ziren. Herri honen arteak garrantzi handia du, harrietan egindako grabatuek eta zuhaitz azaletan idatzitako liburuek batez ere. Eraikuntzak tamaina handikoak dira, santutegiak, aldiz, txikiak. Erdi Aroan aldaketa bat gertatu zen artean, elementu toltekak eta maiak nahasten hasi zirelarik. Aurrerantzean tenpluak ez ziren lehen bezain handiak, baina zabaldu egin ziren. Aurrealdeak geometrikoak ziren, eta apaindurak Euriaren jainkoaren irudiak.  v  Kolon aurreko artea Erdialdeko Amerikan. (Guatemala, Honduras, Nikaragua, El Salvador eta Panama). Lurralde honetan Mexikoko eta Hego Ameriketako herrien eragina da nagusi. K.a. 200. urtea arte olmeken artearen eragina nabari da. Garai klasikoan zeramikazko iruditxoak agertzen dira, gehienetan emakumezkoenak. Hegoaldean zeramika gehiago lantzen zen, margotzeko bi edo hiru kolore erabiliz. Geroago maien eragina izan zuten; zeramika forma guztiz bikainak ageri dira; nekazaritzarako tresnak orobat, oso landuak. Lurralde honetan iparraldean baino lehenago hasi zen zeramika; aipagarriak dira Nikoya-ko zeramikak. K.o. 500. urte inguruan urrezko gauzak jartzen zitzaizkien hilei beren hilobietan.  v  Artea Antilla uharteetan. Lurralde honetan garai horretan loratu zen kulturari Ktaino izena ematen zaio. Zura oso ondo lantzen zuten, eta irudi harrigarriak utzi zituzten zurez eginak. Aipagarrienak, hala ere, harrizko koilareak dira.  v  Artea Ameriketako hegoaldean. Ande mendien inguruko lurraldean K.a. 1800 urtekoak dira erlijiozko lehenengo eraikuntzak. K.o. 200. urtean adoba erabiltzen zuten eraikuntzak egiteko (tenpluak eta piramideak). Iparraldean hiru solairutarainoko eraikuntzak egiten ziren, eta hirien inguruan harresiak. Utcubamba ibaiaren bailaran sarkofagoetan sartutako momiak aurkitu dira haitzulo itxietan.