Amelio, Gianni
Italiar zinemagilea (San Pietro Magisano, Catanzaro, 1945). 1970. urtean zuzendu zuen bere lehen filma, La fine del gioco (Jokoaren bukaera), RAIrentzat, eta 1973koa da bere lehen film luzea, La città del sole (Eguzkiaren hiria). 1980ko hamarkadan finkatu zituen bere estiloa eta bere filmen gai nagusiak: ideien eta bizitzeko estiloen aurrean gizonak duen jarrera, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak, degradazioa, frustrazioa, itxaropena. 1990eko hamarkadan oso ezaguna egin zen, bere filmek sari asko jaso baitzituzten. Porte aperte (1990, Ateak zabalik) filma, heriotza zigorrari buruzko izen bereko Leonardo Sciasciaren liburuaren egokitzapena da, eta Felix saria (Europako Oscarra) jaso zuen, besteak beste; Lapurtutako haurrak (1992) filmak ere beste Felix bat irabazi zuen. Lamerica (1994) obran laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera Albaniak bizi zuen gatazka sozial eta ekonomiko larriaren istorioa kontatu zuen eta zenbat sari jaso zituen Cannesen, Venezian esate baterako. 1998an Così ridevano filmagatik Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia jaso zuen.