Amazonas
Venezuelako lurralde federala. Mugak: Kolonbia, mendebaldean, eta Brasil, hegoaldean eta hego-ekialdean. 175.750 km2 eta 45.667 biztanle (1981ean). Hiriburua: Puerto Ayacucho, 15.000 biztanle (1980an). Ipar-mendebaldean Guyanako mendiak ditu muga, eta iparraldean Yavi mendia. Erdialde eta hego-mendebaldean haran zabalak aurkitzen dira, sabanako landaretza dutenak. Klima hezea eta epela izaten da; bi urtaro bereizten dira: lehor aroa eta euri aroa. Orinoco ibaia lurralde honetan sortzen da eta bertako ibai gehientsuak haren ibaiadarrak dira: Mayaca, Sipapo, Ocamo, Padamo, etab. Casiquiare ibaia, Orinocoren adarra dena, Guainí-arekin elkartzen da, eta handik aurrera Negro izena hartzen du; Amazonas ibaian isurtzen du ura. Orinoko garaian uharte ugari eratzen da. Tropikoko basoak dira nagusi lurralde osoan; horregatik basoko produktuak dira garrantzizkoenak, nahiz eta jende zuri gehiena abeltzaintzan aritzen den eta industria pixka bat ere badagoen. Yuka eta azukre kanabera landatzen dira.