Amazonas
Ozeano Atlantikoan itsasoratzen den Hego Ameriketako ibaia, munduko arrorik handiena osatu eta emari handienak dituena (70.000-200.000 m3/seg.). Luzeran bigarrena (6.400 km, Nilo ibaia da lehenengoa), ontziz ibiltzeko egokia da Brasilgo 3.400 km-tan. Geografo batzuen arabera, Peru aldean sortzen den Marañon ibaia bide da Amazonasen ama-ibaia. Iquitos-en Ucayali ibaiarekin bat egiten du. Beste hainbat geograforen ustez Apurimac Ucayali ibaiaren ama-ibaia Amazonasen benetako iturria ere izango litzateke (honenbestez, 7.025 km luze izango litzateke Amazonas). Ucayalirekin bat egin ondoan, Kolonbiako muga ertzak busti eta Amazonas estatua zeharkatu ondoren, Manaus hiria igarotzen duen Negro ibaia jasotzen du, Pará estatuan sartu baino lehen. Atlantikora baino lehen, Santarem hiria ureztatzen du. Bokalean (Amapá, Brasil iparraldea), 100 km-ko bokale zabal eta uharte anitz dituena osatzen du. Ibaiadar nagusiak: Javari, Juruà, Madeira, Marañón, Purus, Tapajos, Ucayali, Xingu, eskuinaldean; eta Japurà, Napo, Negro (Cassiquiare ibaiaren bidez, Orinoko eta Amazonas ibaia lotzen dituena), Putumayo, eskuinaldean.
v Historia. Vicente Pinzón izan zen Amazonas ibaiaren bokalea aurkitu zuen lehen europarra (1500), eta urte horretan berean hasi zen Ameriko Vespuzio hura esploratzen. Izena, aldiz, Orellana itsasgizon espainiarrak ezarri zion, eremu haietako indiarrek amazona alegiazko emakume gudukari haiek ekarri baitzizkioten gogora.
v Amazonetako arroa. Andeetan Amazonas osatzen duten ibaietako arroak goi ordokietan kokatzen dira; Andeetatik bertatik da egokia ontziz ibiltzeko. Manseriche ordokia 160 metroko altueran dago, Atlantikotik 4.379 kilometrora. Hegoaldeko ibaiadarrak iparraldekoak baino luzeagoak dira. Manaus eta Andeen tartean Amazoniak inbutu moduko bat osatzen du, 2.000 kilometrotako zabalera duena; Madeira eta Negro ibaiak inguratzen dute zabalera hori. Aldapak ibaiaren bazterrean sarguneak eratzen ditu, meandroak, eta isurkideen arteko ibaixkak. Isurkideen artean 500 metrotako mendiak daude. Manaustik behera Guyana eta Brasilgo goi ordokiak hasten dira, eta ibaia estutu egiten da. Inguru honetan ibaiaren sakontasuna handitu egiten da: 80 m inguruko sakontasuna du, adibidez, Obidos-en. Azken zatian ibaiaren zabalera 350 kilometrotakoa da eta furos izeneko adarretan zatitzen da ibaia, hala uharteak eratuz.
v Klima. Beroa eta hezea da nagusi Amazonas ibaiaren arroan, Andeetan ezik. Batez besteko tenperatura 23° eta 28° bitartekoa da. Urtaroen artean ez dago tenperatura alderik, egunean zehar gertatzen direnak aldiz handiak dira. Euria urtean metro koadroko 2.000-3.000 litrotakoa izaten da. Urtaro lehorra luzea izaten da. Guyana mendien artean foehn deitu haizea sortzen da Branco ibaiaren inguruan eta ondorioz sabanak eratzen dira. Udan ipar hemisferioko haizeak Amazoniaren hego-mendebalderaino sartzen dira, monzoiaren gisako haize bero heze bat eratuz. Hegoaldeko haize hotzak, friagens-ak, tenperatura aldaketa handiak eragiten ditu.
v Landaredia. Sabana ez da agertzen Branco ibaiaren inguruan eta Marajó inguruan besterik. Igapo oihanean, urez estalia baitago, ezin da sartu. Ibaiak handitzen diren lekuetan zuhaitzak altuagoak izaten dira, baina oihana trinkoa izaten da leku horietan; kakao zuhaitzak izaten dira gehienbat bertan. Gainerako lurraldeetan 70 metrotara iristen diren arbolak daude, Pará-ko gaztainondoak adibidez. Hala ere, gaur egun landaredi handia ari da galtzen, arrazoi ekonomikoengatik: nekazaritza ezarri nahia batetik, eta bestetik meatzeak irekitzekoa. Horretarako oihan zati handiak erre egiten dira.
v Biztanleria. XX. mendearen hasieran bertako biztanleria miloi t´erdira iristen zen, baina kolonizazioak kopuru hori jaitsi egin du, eta gaur egun ehunka batzuk besterik ez dira geratzen. Biztanle gehienak beltzak dira; biztanleriaren dentsitatea apala da, biztanle bat km2-ko. Talde txikitan bizi dira, Belem eta Manaus hirietan ezik. Barreiadura horrek oso zail bihurtzen du komunikabideak zabaltzea, nahiz eta ibaia ontziz ibiltzeko egokia izan.
v Ekonomia. 1912ra arte kautxu produkzioa izan zen nagusi. Fruitu eta tuberkulu bilketa da baliabide garrantzitsuena. Ehiza eta arrantza ere aipagarriak dira. Nekazaritza ibai inguruetan besterik ez da lantzen. Menasta baliabideak ere badira, baina gutxi ustiatu dira oraindik.