Amato, Giuliano
Italiar politikaria (Turin, 1938). Italiako Alderdi Sozialistako (PSI) kide da. Estatuko idazkariorde izan zen Bettino Craxiren gobernuan, eta Ogasun ministro Giovanni Goria eta Ciriaco de Mita Lehen ministro kristaudemokraten gobernuetan. 1992an Lehen ministro izendatu zuten, haren alderdiko Bettino Craxi aitzindaria baztertuta. Arazo handiak aurkitu zituen, ordea: defizita, gobernu ustelkeria eta krimen antolatua, besteak beste. Bere aurreko Giulio Andreotti kristaudemokrataren gobernu koalizioa berregin zuen: sozialistak, kristaudemokratak, liberalak eta sozialdemokratak. Ez zuen, ordea, gehiengo sendorik, eta Ezkerreko Alderdi Demokratikoari eskatu zion laguntza. Saiatu zen Amato Italiako problemak konpontzen, baina huts egin zuen. Ordurako, ustelkeria eta eskandaluak tarteko, oso irudi txarra zeukan Italiako politikagintzak. Hauteskunde erreforma handi bat bultzatu zuen. 1993 dimisioa eman zuen, politika krisia zela-eta.