Aleijadinho
(Antonio Francisco Lisboa). Brasilgo arkitekto eta eskultorea (Ouro Preto, 1738 - Ouro Preto, 1814). Arkitekto portuges eta jopu beltz baten semea; 35 urte zituela elbarri gelditu zen gaixotasun baten ondorioz (hortik datorkio goitizena, Aleijadinho, elbarritxoa). Brasilgo barrokoak eman duen artista nagusia da. Bere obren artean Saõ Francisco elizako aurrealdea (Ouro Preto) eta bertako eskulturak, pulpitua eta aldareak daude. Utzi duen eskultura multzorik ospetsuena Bom Jesu de Matazinhos elizako hamabi igarleak dira, eraikuntza eta inguruko ikuspegiarekin ezin hobeki adosten direnak. Interesgarriak dira, halaber, Ouro Pretoko Carmen elizako aldareak eta Sabaran den izen bereko elizako frontisa.