Albright, Madeleine
Estatubatuar politikaria (Praga, 1937). Bigarren Mundu Gerra hasi eta berehala Londresa ihes egin zuen bere familiarekin (1939-1945), eta 1949an Estatu Batuetan finkatu zen. 1959an, Wellesley ikastetxean Politika Zientzietan lizentziatu eta 1976an Errusiari buruzko ikasketetan doktore maila lortu zuen Columbiako Unibertsitatean. Ordutik 1978 arte, Maine estatuko Edmund Muskie senatariaren laguntzaile nagusia izan zen. 1978-1981 bitartean, Segurtasun Kontseilu Nazionalarentzat lan egin zuen, Jimmy Carter lehendakariaren agintaldian. 1981 eta 1982an, Woodrow Wilson Nazioarteko Zentroko eta Washingtongo Estrategia eta Nazioarteko Ikerketa Zentroko kide izan zen, eta 1982-1993 bitartean, nazioarteko harreman eta kanpo politikari buruzko irakasle Washingtongo Georgetown Unibertsitatean. 1989-1993 bitartean, Washingtongo Politika Nazionaleko Zentroa ikerketa instituko lehendakari izan zen. Gainera, Walter Mondale, Michael Dukakis eta Bill Clinton lehendakaritzarako hautagai demokraten atzerriko politikari buruzko aholkulari nagusia izan zen. 1993an, Nazio Batuen Erakundean Estatu Batuetako ordezkari iraunkorra izendatu zuen Bill Clinton lehendakariak, eta kargu horretan egon zen Clintonek, berriro lehendakari aukeraturik, 1997an estatu idazkari izateko izendatu zuen arte. Bera da Estatu Batuetan kargu hori bete duen lehen emakumea.