Alberoni, Giulio
Kardinale italiarra, Espainiako Filipe V.aren lehen ministroa (Fiorenzuola d’Arda, 1664 - Piacenza, 1752). Vendômeko Dukeak, frantses osteen buruzagiak, berekin eraman zuen Espainiara, eta haren karrera moldatu zuen han. Elisabet Farnese eta Filipe V.aren ezkontza negoziatu zuen. Erreginak aholkulari gisa harturik, frantsesak gortetik egoztea lortu zuten bien artean. Kardinalgoa eta lehen ministroaren kargua batera eskuratu zituen, espainiar politikaren zuzendaritzaren jabe egin. Utrechten Espainiak galduriko abantailak berreskuratzen saiatu zen, diplomazia ekintza ugari garatuz, Frantziako Erregeordearen aurka bereziki. Aliantza Laukoitzaren eratu zela-eta eta frantses armadaren mehatxuak zirela-eta, Filipe V.ak amore eman behar izan zien Alberoniren etsaien eskariei, eta kardinalea kargutik kendu eta Espainiatik egotzi zuen (1719). Italiara joanik, Inozentzio XIII. Aita Santuarentzat lan egin zuen.