Alberti, Rafael
Espainiar poeta (Puerto de Santa María, 1902). 27ko Belaunaldiko olerkari taldekoa. Familiarekin batera Madrila aldatu zen 1917an, batxiler ikasketak utzirik. Pintore kubista hasiera batean, 1922an Horizontes aldizkarian argitaratu zituen bere lehen poemak. Harrez gero poesia izan zen haren jarduera nagusia. Residencia de Estudiantes delakoan biltzen zen jendearekin —García Lorca, Dalí, Buñuel, Moreno Villa…— harremanetan jarri zen. 1925ean, Gerardo Diegorekin batera, Espainiako Literatura Sari Nazionala jaso zuen bere lehen poema liburuarekin (Marinero en tierra). 1927an kristau fedea galdu, eta lau urte geroago Alderdi Komunistan sartu zen. Gerra garaian politikan esku hartu zuen. Gerra bukaturik, erbestean bizi izan zen (Paris, Argentina, Erroma). 1977an Espainiara itzuli zen eta 1983an Cervantes Saria jaso zuen. v Harrigarria da Albertiren poesiaren aniztasuna, gai, tono eta estiloari dagokienez. Hogeita hamar liburu baino gehiagotan bildu du bere obra poetikoa. Lehen liburuetan (Marinero en tierra, 1924; La amante, 1925; El alba del alhelí, 1926), herri lirika eta antzinako abestitxo tradizionalak dira nagusi. Ondoren, estilo barrokoan eta abangoardian barrena abiatu zen: gai futuristak erabili zituen (Cal y canto, 1927), krisi pertsonalaren garaian, eta surrealismoaren ildotik, bere obra nagusia egin zuen: Sobre los ángeles (1928). Gero, harturiko gizarte eta politika konpromezuari jarraituz, berak «zibila» deitu duen poesia soziala garatu zuen (El poeta en la calle, 1936; De un momento a otro, 1938, …). Erbestean egindako obra zabala da eta askotarikoa (Retornos de lo vivo lejano, 1956; Baladas y canciones del Paraná, 1954; Sonríe China, 1958, …). Erbestetik itzulirik, ez dio utzi obra berriak argitaratzeari (Roma, peligro para caminantes, Fustigada luz, Los ocho nombres de Picasso…).