Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

aker

iz. Ahuntzaren arra.  v  Mit. Akerraren itxuran azaltzen den jeinu edo deabrua. Lurpeko jeinu hau sorginen bilkura edo akelarretako burua da eta haren zerbitzariak diren sorginak eskolatzen ditu. Akerraren jarrera eta irakasbideak kristau erlijioaren aurkakoak dira, eta haren jarraitzaileek Elizatik aldendu behar dute, Jainkoa eta santuak ukatuz. P. de Lancre inkisidoreak bildu zituen ustezko sorginen azalpenak: batentzat, Akerrak gizon aurpegia zuen, handia eta izugarria; beste batek dioenez, bi aurpegi ditu, aurrealdean bata eta atzealdean bestea; beste zenbait testigantzaren arabera zakur handia edo idi handi etzana dirudi. Bere jarraitzaileen aurrean, kristau mezaren parodiazko zeremonia ospatzen du: eskaintzan, bertan direnek gurtzera hurbildu eta ogia, arrautzak eta dirua eskaini; predikua egin eta meza itxura jarraitu; jaunartze modukoa banatu; mahai inguruan eserarazi eta giza haragia eman jatera; adarrak bikez beterik, sala osoa argitzen du; ondoren, sorginekin eta beste guztiekin batean dantzan aritzen da danbolin soinua lagun duelarik; gero, sorgin ar eta emeak, bizkorturik, gaiztakeriak obratzera ateratzen dira, bataioa hartu gaberik hildako haurren hezurrez argitzen dutelarik bidea. ik. akelarre, Akerbeltz.