Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Afrika Erdiko Errepublika

Afrikako erdialdeko estatua. 622.984 km2 eta 4.216.666 biztanle (2007ko estimazioen arabera, afrikaerditarrak). Mugak: iparraldean, Txad; ekialdean, Sudan; hegoaldean, Zaire eta Kongoko Errepublika, eta mendebaldean Kamerun. Hiriburua eta hiri nagusia: Bangi (450.000 biztanle inguru). Hizkuntza ofizialak: frantsesa eta sangoa (erabiliena, merkataritzan batez ere, eta hizkuntza nazionala). Erlijioa: kristaua, % 50 (protestanteak % 25 eta katolikoak % 25); musulmana, % 15; bertako erlijioak, % 24, eta besteak % 11. Dirua: CFA frankoa (Communauté Financière Africaine, Afrikako Finantza Elkartea). Etnia nagusiak: mandjia-baya, % 35; banda, % 27; sara, % 10 eta mbaka, % 4. ■ 1996an, gudarosteko disidenteen matxinada asko izan ziren, bizi baldintzak hobetzea eta erreformak egitea eskatuz (oposizioko alderdiek gobernuan ordezkaritza izan zezaten besteak beste). Istilu larriak sortu ziren gobernuaren eta matxinatuen artean, eta 1997an herrialdea baketzeko lanak hasi ziren. 1998an Nazio Batuek hartu zuten herrialdea bake bidean jartzeko ardura. ■ Biztanleak. Biztanle gehienak herrialdearen mendebaldean bizi dira, han baitaude hiriburua eta hiri nagusiak. Biztanleen erdia baino gehiago tradiziozko ohituren arabera bizi da, herri txikietan. Etnia nagusiak mandjia-baya, banda, sara eta mbaka dira. Biztanleen batez besteko bizi itxaropena 43,7 urtekoa da. Nazio Batuen arabera, biztanleen % 11 dago HIESak kutsatuta, eta biztanleriaren % 3k baino ezin du lortu terapia antirretrobirala. ■ Gobernua eta administrazioa. 1979an, Afrika Erdiko inperioa desagertu zenean, ezarri zen errepublika; 1981ean konstituzioa onartu zen eta alderdi anitzeko sistema finkatu, baina urte hartan bertan estatu kolpea eman zuten militarrek eta bertan behera gelditu zen sistema berria. Konstituzio berria osatu zelarik, 1986an onartu zen, eta alderdi bakarreko sistema ezarri zen. 1992an alderdi anitzeko sistema onartu zen eta 1995ean beste konstituzio bat ezarri zen. Errepublikako aginpide betearazlea lehendakariaren ministro kontseiluaren esku dago, eta sei urtez behin hautatzen dira karguok, sufragio bidez. Herritarrek bost urtez behin hautaturiko Batzar Nazionaleko 105 kideen esku dago legegintza. Lurralde antolaketari dagokionez, 14 prefeturetan banatua dago herrialdea: Bamingui-Bangoran, Bangui, Basse-Kotto, Gribingui, Haute-Kotto, Haute-Sangha, Haut-Mbomou, Kemo-Gribingui, Lobaye, Mbomou, Nana-Mambere, Ombella-Mpoko, Ouaka, Ouham, Ouham-Pende, Sangha, Vakaga. ■ Ekonomia. Afrika Erdiko Errepublika Afrikako lurralde pobreenetakoa da. Bertan ustiatzen eta ekoizten diren salgaiak esportatzeko zailtasun handiak dituzte ez dutelako itsasorako irteerarik, eta ez dutelako salgaiak itsasora ateratzeko garraio egokirik ere. Dena dela, diamanteen, kafearen, tabakoaren, kotoiaren eta zuraren esportazioa dira herrialdearen diru iturri nagusiak. Afrika Erdiko Errepublikako biztanleko urteko BPGa 350 dolar eskasekoa da. Aipagarria da, dena dela, 1994an eta 1999an diamante, kafe eta kotoiaren esportazioan izandako gorakada (% 5-7). Gorakada hori, ordea, eten egin zen 1996ko gatazken ondorioz. Ekonomia alorrei dagokienez, nekazaritza da jarduera nagusia eta ez dago ia industriarik. Biztanle gehienek dihardute nekazaritzan (bi herenek), eta hartatik ateratzen da BPGren erdia, baina beren beharrak asetzeko erabiltzen dute uzta gehiena, oinarrizko elikagaiez osatua (artatxikia, arroza, mandioka artoa, sesamoa). Nekazaritzako salgai nagusia kafea da; antzina europarren soro handietan lantzen zen, eta gaur egun, berriz, afrikarren esku dauden lur sail txikietan egiten dute. Bigarren gai nagusia kotoia da. Kafea, kotoia eta tabakoa esportatzen ditu. Afrika Erdiko Errepublikan ez dago ia industriarik. Diamanteen lanketa da jarduera industrialik aipagarriena, eta diamanteen esportazioak esportazio guztien % 25 hartzen du. Urteko produkzioa 360.000 kilatekoa zen 1990 inguruan. Diamanteez gainera, 1966an uranioa aurkitu zen eta urrea ere badute, baina ez dago behar bezala ustiatuta. ■ Historia. Oubangui-Chari kolonia frantsesa zaharra izan zen (1905), Frantziako Komunitateko kide bihurtu zen 1958. urtean, Ertafrikako Errepublika izenaz. Erabateko independentzia lortu zuen 1960. urtean. Bokassa jeneralak aginpidea eskuratu ondoren (1965), betiko lehendakari izendatu zuen bere burua 1972an, eta enperadore 1976. urtean, 200.000.000 dolar balio izan zituen ospakizun batean, eta errepublikako ekonomia, lehendik ere oso ahula zena, erabat hondatua utzi zuena. Hiru urte geroago aginpidetik kendu zuten eta Errepublika aldarrikatu zen berriro ere. 1981ean estatu kolpea jo zuten militarrek, eta André Kolingbak hartu zuen aginpidea. 1992an egindako erreferendumean André Kolingba hautatu zuten sei urterako, eta alderdi anitzeko hauteskunde presidentzialista eta legegintzarakoak egin ziren; baina hauteskunde haiek indar gabe utzi zituen Errepublikako Epaitegi Gorenak, gorabehera asko izan zirela-eta. 1993an egin ziren berriro hauteskundeak, eta Ange-Félix Patassé atera zen Afrika Erdiko Errepublikako lehendakari. Kolingbak, kargua galdu aurretik, amnistia eman zuen, eta horrela, aske gelditu zen Bokassa (1986an erbestetik Afrika Erdira itzuli zenean epaitu eta zigortua). 1995eko apirilean Gabriel Koyambounou izendatu zuten Lehen ministro; orduan ezarri zen gaur indarrean den konstituzioa. Hurrengo urtean, berriz, Paul Ngoupandék hartu zuen haren lekua. 1995 eta 1996. urteetan militarren matxinada larriak gertatu ziren erregimenaren kontra, erreforma politikoak eta militarrak eskatuz, eta matxinada haiek zapaltzeko Frantziak esku hartu zuen 1996an, Afrika Erdian dituen bi base militarrez baliaturik, Ange-Félix Patassé lehendakariaren alde. 1998an bake akordio bat sinatu zen nazioarteko presioari esker gobernuaren, oposizioaren eta matxinatuen artean, eta urte hartan bertan egindako hauteskundeetan oposizioko alderdien koalizio batek lortu zuen gehiengoa; baina Anicet-Georges Doléguéléren alderdiak (MLPC, Afrika Erdiko Herriaren Askapenerako alderdia) lehendakariaren alderdiarekin bat egin zuen, eta hura hautatu zuten gobernuburu. Oposizioko alderdiek A.-F. Patassék bere kargua mantentzeko trikimailutzat hartu zuten neurri hori. 2003an, François Bozizé generalak kargutik kendu zuen Patassé, eta 2005eko hauteskundeak irabazi zituen, baina dimisioa eman behar izan zuen 2008an. Faustin-Archange Touadéra izendatu zuten haren ondorengo.
http://rca.gouv.free.fr/