Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

adjektibo

iz. Gram. Izen bat nolabait mugatzen duen hitza, euskaraz, izenondoa edo izenlaguna izan daitekeena. ik. izenondo, izenlagun.  v  Adjektiboak izan daitezke izenondoak (izenaren ondoren jartzen direnak: etxe ederra) eta izenlagunak (batez ere -en eta -ko eratorpen atzizkiak hartzen dituztenak eta izenaren ezkerrean ageri direnak: Mikelen etxea, horko atea). Adjektiboak ager daitezke izen sintagmaren barnean, adibideetan bezala, edo predikatu osagarrian: «ontzi hori zurezkoa da», «etxe hau ederra da». Izenondoen artean sartu behar da ber- elementua ere, normalean artikuluarekin batera ageri dena: etxe bera. Izenondoa mailakatu egiten da: oso handia, guztiz handia, handiagoa, handiena, etab. Izenlagunetan -en atzizkiak jabetasuna edo adierazten du: Peruren etxea. Aldiz, -ko atzizkiak lekua izaten du oinarrian: mendiko zuhaitzak. Atzizki hau bizidunek ez dute hartzen izenlagunak osatzeko (bai, aldiz adizlagunetan: “irakasleko hamar ikasle dago”). Lekutasuna adierazten badu ere, ia edozein sintagmari (kasu gramatikalei izan ezik) gainera dakioke -ko atzizkia izenlagunak sortzeko: Josebarendako lanak, ikusteko kontuak, bihotz oneko neska, lau hankako mahaia, zirt edo zarteko andrea, andrearekiko amodioa, etab. Izenlagunaren funtzioan agertzen dira jatorri izenkiak (italiar presidentea), ordinalak (bigarren ikaslea), -dun atzizkia hartzen dutenak (erdaldun irakaslea), beste hitza (beste etxeak) eta ber- elementua ekialdeko euskalkietan (ber gizona).