Adler, Mortimer Jerome
Estatubatuar filosofoa (New York, 1902 – Kalifornia, 2001). Columbiako Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta psikologia irakaslea izan zen bertan (1923-1929). Chiacagoko Unibertsitatean, berriz, zuzenbide filosofia irakatsi zuen 1930etik 1952ra. Urte horretan, Filosofia Ikerketarako Erakundea sortu zuen San Franciscon, eta hainbat filosofia lan idatzi zuen erakunde horrentzat, besteak beste, etika gaiak lantzen dituen The Conditions of Philosophy (1965, Filosofiaren egoera). Dialektika arlokoak dira Adlerren filosofia ekarpen nagusiak. Zenbait gaitan iritzi berriak eta pertsonalak adierazten bazituen ere, beste batzuetan ez zebilen bere garaian Platonek eta Aristotelesek defendatu zutenetik urrun, batez ere azken horiek dialektikaren eta elkarrizketaren artean ezarri zuten loturari dagokionez. Argitalpen arloan ere lan asko egin zuen Adlerrek. 1945 eta 1952 artean, Great Books of the Western World (Mendebaldeko Munduaren Liburu Handiak, 54 liburuki) argitaratu zituen Robert Hutchins-ekin batera. 1969an The Annals of America (Amerikako urte-liburuak, 20 liburuki) delakoen idazleburu eta 1974an argitaratutako Encyclopaedia Britannica-ren (Entziklopedia Britainiarra) 15. edizioaren plangintza zuzendari ere izan zen.