Adjani, Isabelle
Frantses antzezlea (Paris, 1955). Oso gazte, 14 urte zituela, egin zituen lehen agerpenak zineman eta telebistan. 17 urterekin Comédie-Française omentsuan sartu zen antzezpenaren teknika ikasteko. Era askotako lanak egin zituen, baina Jean Giraudouxen Ondinan, Molièreren Emakumeen eskolan edota Lorcaren Bernarda Albaren Etxean agertu ondoren hasi zen haren izena ezaguna egiten. 1974. urtean utzi zuen antzerki konpainia F. Truffauten Adèle H.-ren egunkari intimoa (1975) filmean protagonista papera egiteko; urteko antzezle onena izendatu zuten lan horrengatik. Adjaniren edertasun hauskorra oso egokia da heroi erromantikoak interpretatzeko, A. Techiné zuzendariaren Brontë Ahizpak (1979) filmean ikusi ahal izan zenez. Emakume antzezle onenaren saria jaso zuen Cannesko Jaialdian film horrengatik. Era berean, laudorio ugari jaso ditu bere interpretazioen sotiltasun psikologikoarengatik, A. Zulawskiren Deabruzko jabetza (1981) edota J. Ivoryren Quartet (1981) filmetakoagatik, adibidez. Europako kalitatezko zinemarekin lotzen da Isabel Adjaniren izena; izan ere, Truffaut eta Zulawskiz gainera, Polanski, Téchiné, Herzog, eta geroago Besson eta Chereau zuzendariekin lan egin du. Frantziako Akademiaren César ugari jasotzeaz gainera, Oscar sarirako ere izendatua izan zen Adèle H.-ren egunkari intimoa eta Camille Claudelen grina filmengatik.