Abrahams, Peter
Hegoafrikar eleberrigile eta kazetaria (Johannesburgo, 1919). Arraza politika zela medio, bere herrialdea utzi eta lehenik Ingalaterrara (1939) eta gero Jamaikara (1955) joan bazen ere, Afrika izan da beti Abrahamsen lanaren ardatza. Idazle honen lehen nobelak, Mine Boy (1946, Meatze mutila), haserre azaltzen ditu beltzek Hegoafrikako apartheid delako politikaren eraginez pairatzen dituzten estuasunak, eta amorru berbera agertzen da Testamentu beltza (1942) liburuan ere. Haren lanik ezagunena, ordea, Tell freedom (1954, Hitz egizu askatasuna) autografia da; bertan Abrahamsek Vrededorp udalerriko auzo pobreetan haurtzaroan bizi izandako gertaerak islatzen dira. Peter Abrahamsen beste lan batzuk dira: Hiriaren kanta (1945), Trumoiaren bidea (1948), Girlanda bat Udornorentzat (1956), Jamaika (1957) eta Uharte hau, orain (1967).