Abraham, Edward
Britainiar biokimikaria (Southampton, Ingalaterra, 1913 - Oxford, 1999). Antibiotikoen arloan egindako lanagatik eta, bereziki, penizilinaren arazketan egindako aurkikuntzengatik da ezaguna. Oxfordeko Queens Collegen aritu zen ikasten; 1938an amaitu zuen doktoregoa, eta ondoren urtebete eman zuen Suedian, bere arloan sakontzen. 1939an itzuli zen Oxforda, eta penizilinaren kimika ikertzen hasi, Ernst Chainekin eta Howard Floreyrekin batera. Jakina zen penizilina arma indartsua izan zitekeela eritasunen eta infekzioen aurka, baina nekeza zen haren forma egokia lortzea. Abrahamek prozesu kromatografiko bat asmatu zuen penizilina arazteko. Antibiotikoaren hurrengo testak arrakastatsuak izan ziren, eta zehatzago ezagutu ahal izan zen haren egitura molekularra. Bestalde, 1953an, Guy Newtonen laguntzaz, Abrahamek zefalosporina deritzan antibiotikoaren forma purua bakartu zuen onddo batetik, difteria eta tifusa sortzen dituzten bakterioen aurka erabiltzen dena. 1964an, patologia klinikoko irakasle egin zuten Abraham, Oxforden, eta, 1980an, sir titulua eman zioten.