Abdala IIa
Jordaniako erregea (Aman, 1962). Hussein erregearen seme zaharrena da, hark bere bigarren emazte Antoinette Gardiner ingelesarekin izan zuena. Amaren jatorria dela-eta, urte asko eman ditu Ingalaterrako eta Estatu Batuetako ikastetxeetan. Sandhursteko (Ingalaterra) akademia militarrean graduatu ondoren, Oxfordeko Unibertsitatean Nazioarteko Politikako ikasketak egin zituen. 1986. urtean Georgetown-eko Unibertsitatean (AEB) Nazioarteko Harremanetan lizentziatu zen. Jordaniara itzulita karrera militarrari ekin zion, eta Indar Berezien Jeneral Buru izatera iritsi da. 1999ko urtarrilaren 25ean, Hussein erregeak, minbiziaren aurkako tratamendua jaso ondoren Estatu Batuetatik itzuli zenean, oinordeko printze izendatu zuen bere osaba Hasanen ordez. Hurrengo egunean, karguaren zina egin ondoren Jordaniako erregeorde gelditu zen, Husseinek Estatu Batuetara itzuli behar izan baitzuen. Botere guztiak bere esku gelditu ziren, konstituzioa aldatzekoa eta hitzarmenak egitekoa izan ezik. 1999ko otsailaren 7an, Hussein hil ondoren, Jordaniako errege egin zuten. 1993. urtean jatorri palestinarreko Rania printzesarekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba dituzte.