Abdelrahman, Aisha
(Bint al-Shati izenaz ezaguna). Egiptoar idazle eta literatura irakaslea (Dumyat, 1913 - Kairo, 1998). Dumyateko Erlijio Institutuko irakaslea zuen aita eta ama berriz analfabetoa zen, baina hari esker sartu zuten Aisha eskolan, eta aitaren iritziaren kontra bazen ere, al-Mansurahera bidali zuten ikasketak sakontzera. Ondoren Kairoko Unibertsitatean ikasi zuen eta 1939. urtean lortu zuen arabierako graduazioa, eta master titulua eskuratu zuen 1941ean. Hurrengo urtean Egiptoko Hezkuntza ministerioan sartu zen, baina 1950. urtean doktoregoa eskuratu ondoren arabiar literaturako irakasle gisa hasi zen lanean Ain Shans Unibertsitateko Emakumezkoen Unibertsitate Eskolan. Irakaslea ez ezik, idazlea ere bazen, ordea. Antzinateko emakume musulmanen biografiak idatzi zituen, adibidez Mahoma profetaren amaren, alargunen eta alaben biografiak, baina ospe handiagoa eman zioten literatura kritikako lanek, besteak beste Egiptoko landa (1936), Nekazarien arazoa (1938), Arabiar emakume olerkari garaikideak (1963).