Departamento de Cultura y Política Lingüística

Roth, Klaus Friedrich

Alemaniar matematikaria (Breslau, Alemania, gaur egun Wroclaw, Polonia, 1925). Londresko St. Paul´s eskolan egin zituen lehenengo ikasketak. Titulua Cambridgen atera zuen, 1945. urtean. Graduatu ondoren, Gordonstoungo eskolan (Eskozian) irakasle laguntzaile hartu zuten. 1946an Londresera itzuli zen, bertako Unibertsitate College-n ikerlanean jarraitzeko. Doktoregoa 1950ean amaitu zuen, eta 1961ean irakasle postua lortu zuen. Urte horietan balio handiko lana egin zuen matematiketan: zenbaki aljebraikoen hurbilketaren problema (arrazionalen bidez) ebaztu zuen 1955ean, ordu arte matematiketako handienetako bat zena. Lan horri esker, Fields domina eman zioten Edinburgoko Nazioarteko Kongresuan (1958). Roth-ek beste problema batzuk ere ebaztu zituen, esate baterako 1935ean Erdös eta Turán-ek azaldutako konjetura. 1966an Londresko Imperial Collegeko Matematika Hutseko saileko katedra lortu zuen, eta han egon zen 1988. urtea arte. Hurrengo urteetan irakasle bisitari izan zen, eta 1996an Eskoziara itzuli zen. Fields dominaz gainera, beste ohore asko jaso ditu Rothek: De Morgan domina Londresko Matematika Elkartearen eskutik (1983), eta Sylvester domina Errege Elkartearen eskutik (1991), besteak beste. Errege Elkarteko eta Edinburgoko Errege Elkarteko kide ere bada.