Departamento de Cultura y Política Lingüística

Roth, Henry

Estatubatuar eleberrigilea (Tysmenica, Ekialdeko Galitzia, Polonia, 1906 - Albuquerque, 1995). Emigranteen familia batean sortu zen, eta 1909an familia New Yorkera joan zelarik, auzo behartsuetan eman zuen haurtzaroa, East Sideko ghettoan, Brooklynen eta Harlemen. Unibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, lanbide desberdinetan jardun zuen. Bestalde, lotura estua izan zuen Estatu Batuetako talde marxistekin, baina etsipen handia eragin zion jarduera politikoak, bere erlijio judua zela-eta batez ere. 28 urte eskas zituela eman zuen argitara bere lehen eleberria, Call it sleep (1934, Deituiozu amets), zeinak eman baitzion ospea. XX. mendearen hasieran New Yorkeko ghettoan bizi zen haur judu baten historia du kontagai lan horrek; fikzioa eta autobiografia bateratu zituen Rothek bertan, eta ezaugarri aipagarriena erregistro desberdinak erabiltzeko trebetasuna da. Harrezkero hainbat aldiz saiatu zen kontakizun laburrak argitaratzen, baina ez zuen lan harekin adinako arrakastarik izan. 1994. urtean bere bigarren eleberria argitaratu zuen, Mercy of a Rude Stream (Indar bortitz baten mende) izenburupean (zenbait liburukiz osatua da lana), bere bizitzako bizipenak oinarri harturik oraingoan ere. Bai lehen aipaturiko obran, bai horretan, haur juduak dira protagonista (bigarren eleberriaren azken liburukietan haurra gizon eginda agertzen da), eta haurrek mundu beldurgarri eta nahasian aurkitzen dituzten zailtasunak erakusten dituzte.