Departamento de Cultura y Política Lingüística

Rosetta

(Arab. Rashid). Egiptoko iparraldeko hiri eta portua, Nilo ibaiaren bokalean, deltaren ipar-mendebalean (Buhairah, Egipto Beherea). 47.200 biztanle (1983). Mezkitak eta kristau elizak (ortodoxo grekoak eta koptoak). v Historia. Bolbitinic hiria zegoen bertan antzinako Egipton. K.o. 800. urtean, Harun ar-Rashid kalifak sortu zuen hiri berria. Portu garrantzitsua izan zen XVIII. mendean Alexandria berriro gorpuztu zen arte. 1799. urtean, Rosetta izeneko harri ospetsua aurkitu zuen Napoleonen gudarosteko ofizial frantses batek. v Rosetta harria. Ptolomeo V.a Epifanes Egiptoko erregeak K.a. 196an eman zuen dekretu baten idazki elebiduna daraman basalto beltzezko harria. Egiptoeraz eta grekoz idatzia dago; hiru alfabeto desberdin, hieroglifikoa, demotikoa eta grekoa, erabili zituzten egileek, Menfis-ko apaizek, idazketarako. 1799. urtean aurkitu zuen Napoleonen gudarosteko ofizial frantses batek Rosetta hiriaren ondoan gotorleku baterako lanean ari zirela eta ingelesen eskuetara igaro zen 1801ean. Idazki elebidunetatik abiatuta, hieroglifikoen esanahia argitzeko ikerketa guztiz garrantzitsuak egin zituzten ondoren Thomas Young (1814) eta Jean-François Champollion (1821-1822) egiptologoek, eta zehaztu ahal izan zen hieroglifikoen eta idazketa demotikoaren arteko harreman zuzena. Londresko British Museum-ean dago gaur egun.