Rosas, Juan Manuel de
Argentinar militarra eta diktadorea (Buenos Aires, 1793 - Southampton, Hampshire, 1877). Argentina XIX. mendeko bigarren laurdenean murgildurik egon zen zentralismoaren eta federalismoaren arteko joera guztien arteko liskar guztietan parte hartu zuen. 1828. urtean Dorrego Buenos Airesko gobernaritzatik kendu zutenean, Juan Lavalle gobernari berriaren aurka agertu zen Rosas, eta bere burua izendatu zuen gobernari (1829). Alderdi federalistaren buruzagiak batasunaren aldeko alderdiak garaitu zituen 1831n. Hiru urtez aginpidean egon ondoren Juan Manuel Balcarce-ren esku utzi zuen Buenos Airesko gobernua eta hegoalderantz jo zuen Basamortuko lehen konkista izenaz ezagutzen den indiarren aurkako guduan borrokatzera (1833). Buenos Airesera itzuli zenean Balcarceren aurkako konspirazio batean parte hartu zuen eta probintziako gobernuburu bihurtu zen berriro ere. Federalista zela esanagatik, guztiz zentralista izan zen Rosasen diktadura: adierazpen askatasuna kendu zuen, orobat legebiltzarra, eta ezkutuko polizia eratu zuen oposizioa deusezteko. Argentinaren mende jarri nahi izan zituen Paraguai eta Uruguai baina, azkenik, Justo José de Urquiza buruzagi zen argentinar, uruguaiar eta paraguaiar koalizioak Rosasen gudarostea menderatu zuen 1852. urtean Caseros-eko guduan. Ingalaterrara erbesteratu behar izan zuen.