Departamento de Cultura y Política Lingüística

Rosales, Luis

Espainiar olerkaria (Granada, 1910 - Madril, 1992). Bere lehen olerki bilduma 1935ean eman zuen argitara, Abril izenburupean, eta "36ko belaunaldia" deritzon taldea osatu zuen Miguel Hernández, Leopoldo eta Juan Panero, Luis Felipe Vivanco, Gabriel Celaya, Juan Gil Albert, Dionisio Ridruejo eta abarrekin batera. Garai hartan abangoardien antzutasuna nabarmentzen zuten idazleek, eta horrela, Luis Rosalesek, beste olerkari batzuekin batera, molde klasikoetara eta, batez ere, Garcilaso de la Vegaren olerkigintzara itzultzeko ahalegina egin zuen, neogongorismoa alde batera utzirik; garcilasozaleak izenez ezagunak dira horregatik egile horiek. Rosalesen lanen artean azpimarratzekoak dira Retablo sacro del nacimiento del Señor (1940, Jainkoaren jaiotzaren erretaula sakratua); La casa encendida (1949, Etxe piztua), zeinean egin baitzuen familiaren, adiskidetasunaren, egunerokotasunaren adierazpen samur eta mina; Rimas (1951, Errimak, Espainiako Olerkigintzako Sari Nazionala); El contenido del corazón (1969, Bihotzaren edukia), prosaz idatzitako olerkia; Diario de la Resurrección (1979, Piztueraren egunkaria); Verso libre (1980, Bertso askea); La carta entera (1980, Gutun osoa); Un rostro en cada ola (1982, Aurpegi bana olatu bakoitzean). 1982an Cervantes saria eman zioten.