Rosario
Argentinako erdi-ekialdeko hiria eta ibai portua, Santa Fe probintziaren hego-ekialdean, Parana ibaiaren ertzean. 875.664 biztanle (954.606 biztanle ditu hirialdeak; Argentinako hirugarren hiria jende kopuruari dagokionez). Unibertsitateak. Burdinbidegune garrantzitsua. Aireportua. Industria (automobilgintza, nekazaritzarako makineria, janari industria, garagardogintza, metalurgia, eraikuntzarako gaiak, papergintza, larrugintza, armagintza, burdinbide gaiak, petrolio findegiak, kimika industria) eta merkataritza (nekazaritza produktuen garraioa, esportazioa, salerosketak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Arteari dagokionez aipagarriak dira Ama Birjina Errosarioko eliza (1731), Berpizkundeko estiloko katedrala eta hainbat museo. v Historia. 1689. urtean soldadu kolono batek eraiki zuen leku horretan lehen etxea eta 1725ean Francisco Godoy-k, bere familiarekin han finkatu ondoren, Ama Birjina Errosarioko eliza eraikiarazi zuen (1731). Eliza horren inguruan sortu zen pixkanaka-pixkanaka hiria. 1852an, hiri-gutuna jaso zuen eta, 1854. urtetik aurrera, ekonomia garapen handia izan zuen hiriak, barnealdeko 11 probintzietako portu nagusi hautatu zutenean.