Departamento de Cultura y Política Lingüística

Romm, Mikhail

Sobietar zinemagilea (Irkutsk, 1901 - Mosku, 1971). Antzerki zuzendari, itzultzaile eta gidoigile izan zen zineman zuzendari laguntzaile gisa hasi aurretik. 1934an egin zuen lehen filma, Maupassant-en Boule-de-Suif eleberrian oinarri harturik, Pyska. Joera intimistako film batzuk egin zituen gero: Trinadcat (1937, Hamahiruak), Lenin v Oktjabre (1937, Lenin Urrian) eta Lenin v 1918 (1938, Lenin 1918an). Gerra hotzaren eragina zuten filmak egin zituen; aldi berean antzerki lanak zuzendu zituen eta zinema irakasle izan zen. 1962an Devat dnej odnogo goda (Urtebeteko bederatzi egun) filma egin zuen, zientzialari baten kontzientzia arazoak Frantziako Nouvelle Vague-ren eran kontatzen zituena. Azken garaian bi dokumental egin zituen: Obyknovennyj fasizm (1965, Eguneroko faxismoa) eta I vse taki ja verju (1975, Eta hala ere sinesten dut).