Departamento de Cultura y Política Lingüística

nouveau roman

(Eusk. «eleberri berria»). Lit. 1950 ondorengo urteetan Frantzian agertu zen literatura higikundea. Joera honetako autoreek ohiturazko eleberriaren ezaugarriak —kontakizunen zuzentasuna, pertsonaiaren psikologia aldagaitza eta kontalari orojakilearen ikuspegia— ukatu dituzte. Ondorioz, eleberria ikerketa esperimentalaren eremu gertatzen da; errealitatearen deskribapen hotz objektiboa gailentzen da, zernahi psikologia arrastotatik urrun. Literatura konprometituari kontrajarririk, joera honetako autoreentzat eleberriak ez du zertaz inolako ordenurik, baliorik edo egiarik islatu behar. Higikunde honen teorikoa eta autore gailena Alain Robbe-Grillet izan zen; harekin batera aipagarriak dira beste zenbait eleberrigile: Nathalie Sarraute, Michel Buttor, Claude Simon. École du regard (begiradaren eskola) ere deitu izan zen joera hau.